Oñatiko XVI. mendeko euskarazko testuaren azterketa sakonagoa egingo du Euskaltzaindiak
Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean aurkitu zuten notario-eskritura batzuetan, eta erakundeak bere gain hartu du hori ikertzearen ardura
Paul Picado
Astelehena, 7 abendua 2020, 19:48
Duela hamar hilabete inguru, Oñatin dagoen Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialean ikerketa bat egiten ari zela, notario protokolo baten orriaren ertz batean euskarazko hitz batzuk aurkitu zituen Rosa Aierbe historiagileak. Hasiera batean argi ikusi zituen «ene», «laztan» «gozo» eta «ederra» hitzak, eta adituen esku utzi zuen geroagoko lana.
Testu horiek berehala hasi ziren aztertzen Ander Ros Cubas hizkuntzalaria eta Iago Irijoa historialari eta ikerlariak. Horrela, 700 hizki baino gehiago aztertu dituzte, banan-banan. Eta, orain, Euskaltzaindiak berak hartu du horiek ikertzearen ardura.
Testuak Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo baten ertzean idatzita zeuden, beraz, ematen du haren eskribautegian lan egiten zuen eskribau gazte batek idatzi zituela. Euskaraz gorde diren poemarik zaharrenak dira, eta badirudi bizkaiera eta gipuzkera nahasita daudela. Dena den, horrek ez du esan nahi euskaraz idatzi ziren lehenak direnik.
Rosa Aierbek ezkontza-itunei buruzko dokumentuak eskatu zizkion Artxiboko artxibozainari, eta aukeraketa bat egin ondoren, XVI. mende ingurukoak eskaini zizkion. Beraz, argi ondoriozta daiteke euskaraz idatzitako testu horiek, mende horren ingurukoak direla, 1508 eta 1521. urte artekoak, hain zuzen ere. Horrenbestez, ziur asko, Leizarragaren 1571. urteko 'Testamentu Berria' lana baino lehenagokoa da.
Esan bezala, orain, Euskaltzaindiak ikertuko ditu testuak, eta dioenez, ezagutzen den euskarazko lehen testu lirikoa izan daiteke. Ander Rosek eta Iago Irijoak lehen azterketa eginda, azterketa sakonagoa egitea eskatu diote erakundeari, eta horretan ariko da hemendik aurrera.