https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Auritz taldeak autismoaren alde egindako 'Laino eder hori' lanaren kontzertua, datorren ostiralean, Gasteizen

Auritz taldeak autismoaren alde egindako 'Laino eder hori' lanaren kontzertua, datorren ostiralean, Gasteizen
Santutxuymas

Kontzertua Jimmy Jazz aretoan izango da 22:00ak inguruan

PAUL PICADO

Datorren ostiralean Auritz taldeak autismoaren alde prestatutako 'Laino eder-hori' proiektuaz gozatzeko aukera izango dugu Jimmy Jazz aretoan. Aretoko ateak 21:30ean irekiko dituzte eta kontzertua 22:00ak aldera hastea espero da. Sarrera doan da, leku guztiak bete arte.

Auritz taldea Bizkaiko Idi Bihotz, OST edo Zenttric taldeetan egondako musikariek osatzen dute. Oraingoan proiektu berri bat abian jarri dute, 'Laino eder hori' izenekoa. Berez, liburu-disko bat da eta helburua autismoaren arazoaren berri ematea da. Horretarako, Santutxuko Ugaitz izeneko ume baten benetako kasua kontatzen dute.

Ugaitzi autismo espektroaren nahasmendua diagnostikatu zioten zazpi urterekin, eta Monika bere amarekin hitz egin ondoren, diskoa sortzen joan ziren. Taldeko bi kideek Apnabin (Bizkaiko Autismo Elkartea) lan egiten zuten, eta lana eta musika bateratzea bururatu zitzaien. Horrela, amarekin bildu ziren bere istorioa konta ziezaien.

'Laino eder hori' istorio horretan oinarritutako lana da, eta kutsu negatiboa ez ematen saiatu dira. Errealitatea kontatzen da baina mezu itxaropentsua ere ematen da. Diskoaz gain liburu bat ere idatzi dute, eta hor, Toti Martinez de Lezea idazlearen eta The Wizards taldearen Inaren laguntza izan dute. Totik epilogoa egin du.

Horrenbestez, Ugaitzen istorioa musikaren eta literaturaren bidez adierazi dute, izan ere, liburu bat eta disko bat prestatu dituzte. Guztira, 13 abesti dira, liburuan kontatzen den istorioarekin zerikusia dutenak. Diskoa euskaraz da, baina liburua gaztelaniaz, jende gehiagok uler dezaten.

Temas

Euskera