https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aukera berriak

Pedro Sánchez Espainiako Gobernura heltzeak nolabaiteko distentsioa eragin du Kataluniako Generalitatearekin. Horrek ez du esan nahi jarrerak urrun ez daudenik edo sakoneko auzia berehala konponduko denik, baina dinamika politiko ezberdinak ari dira abiatzen, behintzat

Aukera berriak
EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Kataluniako arazoa politikoa da, erabat. Edozeinek daki hori, nahiz eta bete-betean judizializazioaren bidetik jo gura izan duen aurreko Gobernuak, Rajoyrenak. Ezer konpondu beharrean dena nahastu du horrek, jarrerak urrundu eta muturtu ditu. Matxinada saiakera leporatuta hainbat buruzagi kataluniar daude kartzelan gaur egun, 1936an benetako bat eta ondorengo gerra zibila eragin zituenak ohore guztiekin oraindik Erorien Haranean jarraitzen duen bitartean. Agertoki horretan, nahitaezkoa da egoera bere onera berbideratzen saiatzea, Kataluniari lurralde egituran dagokion lekua eskaintzea. Quim Torra eta Pedro Sánchez duela astebete bildu izana lehen urratsa da elkar ulertzeko benetako ahalegina egiteko, aspaldi hautsitako zubiak berreraikitzen hasteko. Giro atsegin antzekoan egindako bilera horretan Estatua eta Generalitatearen arteko alde biko batzordea berriz abiatzea erabaki zen, eta egoeraren larritasuna aintzat hartuta gutxi eman dezakeen arren, bada zerbait, bada elkarrizketa politikora bueltatzeko asmoa adierazten duen lehen erabaki bat.

Prozesua deitutakoaren ondorioz preso daudenak Kataluniako kartzeletara hurbiltzeak egoera berria egonkortzen lagundu beharko luke. Nahiz eta auziaren zati garrantzitsu bat dagoeneko arlo judizialari lotuta dagoen eta Zuzenbidezko Estatu batean Gobernuak ez lukeen horretan esku hartzeko aukerarik izango, ezin da ahaztu fiskaltza funtsezko eragile izan dela orain arte egoera dagoenera eramaten, eta horri begirakoan Sánchezek baduela eragiterik. Auzi honetan politika lehenetsi behar da, hori delako jatorria, hortik helduta baino ez delako gatazka bideratuko. Argi geratu da, gainera, Espainiako zenbait epaileren jardunak ez duela behintzat Belgika eta Alemaniakoen babesik, horien ustez gehiegizkoak direla ihes eginda daudenei, Pugdemont presidente ohia buru, leporatzen zaizkienak. Horrek ez luke inor salaketa itsura eraman behar, edo euroagindua zalantzan jartzera, hausnarketara eta autokritikara baizik.

Izan ere, elkarrizketa nagusitzeak baino ez dio aukera emango Kataluniako gizarteari oinarrizko adostasunetara itzultzeko. Zalantzarik ez dago erdiaren azpiko babesarekin ez dagoela independentzia prozesu bat bururaino eramaterik, eta horri dagokionean egungo buruzagi independentistek bestelako estrategiak abiatu behar dituztela. Erabaki eskubidearen defentsa izan liteke orain artekoaren ordez bestelako gehiengoak eta dinamikak abia ditzakeena, inora ez daraman egoera gainditzen lagun dezakeena. Estatutu berriaren onarpen prozesua hankasartzez eta gabeziaz betetakoa izan zen, sekulako ezinegona eragin zuen Kataluniako gizartean, hainbat sektore independentziaren aldeko jarreretara eramaterainokoa. Baina ez dago gehiengo nahikorik benetako Errepublika independente bat aldarrikatu eta egituratzeko. Ez da inoren iritzia, errealitateak irmo erakutsitakoa baino. Eta horren aurrean, beste bide batzuk bilatu behar dira, beste gehiengo batzuk osatzen saiatu, beste zenbait eskakizun aldarrikapen nagusitzat hartu. Hainbat buruzagi kataluniarrek badakite guzti hau, eta aukeraren baten zain daude funtsezko ezer hautsi gabe autogobernua beste maila batera eramateko.

Horretarako, jakina, beste aldeak asko du egiteko, aldatzeko. PP eta Ciudadanos ez daude prest ezertan amore emateko, lurralde egitura nazio izaerako erkidegoei dagokienean eskuzabaltasunez eguneratzeko. Alde horretatik, Torrak eta Sánchezek, eta euren atzean daudenek, borondatea eta lana konbinatu beharko dituzte hain itxita dagoen bide politikoa aktibatzeko. Ukazioak ez darama inora, egoerak askoz txarragora jotzera baizik. Eta horrek ezin du alternatiba izan buruzagi politiko arduratsu batentzat. Alderdi Sozialista nahiko modu akritikoan gehitu zaie Rajoyk eta PPk azken hilabeteotan auzi honi dagokionean indarrean jarritako estrategiei, eta horrek ez dio mesede egin. Posible zelako independentziaren aurka sendo lerrokatzea baina, aldi berean, judizializazio zentzugabeari aurre egiteko kementsu agertzea eta elkarrizketaren haritik tiraka jarraitzea. Sánchez presidenteak dagoeneko ohiko dituen jarrera aldaketen artekoa da Kataluniari begirako oraingo hau, baina honakoan onerako, oso onerako.

Dena den ez zaio erraza izango urriaren 1etik gaur arte horrenbeste nahastutakoa zuzentzea, gutxieneko konfiantza berregitea. Denborarik ez indar nahikorik ez duelako. Alde bietako erresistentziak handiak eta indartsuak direlako. Baina saiatu beharra dago, batik bat ez dagoelako bestelako alternatibarik. Estatuak bere nazio izaera aitortu behar dio Kataluniari, aldi berean propio duen izaera nazioaniztunaz jabetuta, jakobinismotik etorkizuneko Espainiarik ez dagoela ondo barneratuta.

Katalunia ez da, oraingoz behintzat, Estatu independente izango, baina ezta erkidego autonomo soil ere. Jauzi berriak gura ditu bertako gizartearen zati handi batek —Colauren aldekoek eta Podemosekoek ere, eta Alderdi Sozialistako askok—, eta hori bai badela independentziarena baino askoz aldarrikapen zabalago eta zeharkakoagoa. Hori ondo neurtzea eta horri begirako ekimen politikoa bultzatzea dagokio Gobernuko presidenteari, zenbait belaunaldiri begirako halako konpromiso historiko bat bilatzekotan.

Ikusteko dago hel daitekeen agertoki berriak, agian hirugarren bide bat zabaltzera eraman dezakeenak, zein ondorio izango dituen independentismoan eta konstituzionalismoan. Goiz da oraindik horren ingurukoak zehazten hasteko, baina datozen hilabete eta urteotan mugimendu interesgarriak eman daitezke alde bietan. Orain arteko parametroetatik ez dagoelako auzia gainditzerik. Elkarri etengabe lepoa emateak ez duelako berez ezer konponduko, eta urte askotako tentsioaren ostean Kataluniako gizarteak, ekonomiak eta politikak erabat bestelako zerbait behar dutelako.

Moncloako aurreko asteko irudia lehen urratsa baino ez da, kontraesanez eta gorabeheraz betetako prozesu baten hasiera. Asmo nagusiari eustea da garrantzitsuena, bateko eta besteko eragileen artean konfiantzazko gutxieneko espazioak zabaltzea eta jorratzea. Errealitatea izan behar da konponbiderako tresna. Eta ezer ez da izango Estatutu berria lantzeko prozesuan bezala. Jazotakotik ikastea eta dagoenaren araberako konpromisoak zehaztea da erronka. Zarataren ordez elkarrizketa hasi da nagusitzen behintzat. Eta ez da gutxi.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos