https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Atzera pausoak

Arrazakeria irudikatzen duen irudia./
Arrazakeria irudikatzen duen irudia.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Orain arte, pertsona batek beste pertsona, kolektibo, erakunde edo alderdi politiko bati, matxista, homofobo edo xenofoboa zela leporatzen zionean, pertsona, kolektibo, erakunde edo alderdi politiko horrek bere prestigioari kalte egiten ari zirela pentsatzen zuen. Baliteke pertsona hori matxista, homofobo edo xenofoboa izatea baina, behintzat, disimulatzen saiatzen zen. Hortaz, ika-mika klasikoak sortzen ziren eta akusatuak akusatzaileari demagogo, «buenista» edo errealitatetik kanpo zegoela esaten zion. «Ni ez naiz arrazista, baina…» formula ezagun hori ere erabiltzen zen maiz.

Azken egun hauetan, aldaketa bat egon den susmoa dut nik. Dirudienez, gaur egun, askok pentsatzen dute matxista, homofobo edo xenofoboa izateak ez dioela kalte handirik egiten euren prestigioei. Aitzitik, beldur naiz laster aldarrikapen bihurtuko dutela intolerante izatea. Europan zehar, bai eta gure alboan ere, komunikabideek alderdiren bat horrelako ideiak atzerakoiak dituela esaten duenean, ez da ezer salatzen ari, baizik eta deskripzio bat egiten. Eta alderdi horien jarrera normaltasunaren barnean dagoela dirudi. Alderdia ez da sumintzen, eta bere auzotar ideologikoak diren alderdiek botoak alderdi bakar batean bateratu beharko liratekela adierazten dute. Beste alderdi horiek ez dute marra gorri bat markatu balore intoleranteak dituztenekin.

Bihar, egunkarietan genero indarkeria, sexu erasoekin edo intolerantzia-jarrerekin loturik dauden berri kezkagarriak irakurriko ditugu. Geure buruari galdetuko diogu zer egin daitekeen gure gizartean enkistatuta dauden gaitz horiek betirako atzean uzteko. Inoiz baino beharrezkoagoak izango dira genero eta integrazio planak eta politikak jazartzea. Baina, atzerapauso bakoitzak erreakzio bat ekarri behar du. Agian, ikastetxe, etxe eta komunikabideetan oinarrizko diren zenbait gauza errepikatu beharko ditugu; esaterako, matxista, homofobo edo xenofobo izatea txarra dela. Desesperagarria da, neurri batean, horrela hastea berriro ere, baina ezin dugu normal bihurtu ezohikoa izan behar duena.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos