https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Athletic eta Eibarrek bat egin dute Basque Team Fundazioarekin

Bingen Zupiria, Amaia Gorostiza, Aitor Elizegi eta Olatz Legarza, lankidetza akordioaren aurkezpenean./Efe
Bingen Zupiria, Amaia Gorostiza, Aitor Elizegi eta Olatz Legarza, lankidetza akordioaren aurkezpenean. / Efe

Diruz lagunduko dituzte kirol-erakundearen 50 bekadunak

AMALIA IBARGUTXI

Basque Team Fundazioak bi bidelagun berri izango ditu goi mailako euskal kirola babestu, sustatu eta hedatzen laguntzeko: Athletic Club eta Eibar Kirol Elkartea. Lankidetza akordioa sinatu dute hiru entitateok eta, horren arabera, laguntza ekonomikoa izango dute bere helburuak lortzeko fundazioko 50 bekadunek. Akordioaren aurkezpena Euskadiko Artxibo Historikoan egin da aste honetan, bi taldeek larunbatean jokatuko duten derbiaren atarian. Alde guztiek nabarmendu dute pauso honen «garrantzia goi mailako euskal kirola sustatzeko bidean». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kontseilariari galdetu diotenean nolatan Real Sociedadekin ez den hitzarmenik sinatu, erantzun du zergatia futbol erakunde horrek adierazi beharko duela. «Frustragarria da talde guztiak ez ditugulako konbentzitu eta ez dugulako ulertzen zergatik ez dugun lortu. Beraiek erantzun beharko dute galdera hori»

Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Aitor Elizegi Athletic Clubeko presidenteak eta Amaia Gorostiza Eibar Kirol Elkarteko presidenteak aurkeztu dute hitzarmena. Aurkezpen ekitaldian, halaber, Maialen Chorraut eta Ander Elosegi Basque Teameko kirolari olinpikoek bideo bat bidali dute Australiatik, bekadun kirolari guztien izenean esker ona helarazteko asmoz.

Hitzarmenaren arabera, Athleticek 179.000 euro jarriko ditu urtero goi mailako euskal kirola sustatzeko eta Eibarrek 70.000 euro. Kopuru horiek talde bakoitzaren aurrekontua aintzat hartuta kalkulatu dira, eta ez dira aldatuko akordioak irauten duen bitartean.

«Basque Team Fundazioak 50 lagun bekadun baino gehiago ditu, eta beren modalitateetan munduko onenen artean dauden kirolariak daude horien artean. Hala ere, tamalez, diziplina horiek normalean ez dira profesionaltzat hartzen, eta askotan kirolari hauek baliabide gehiago behar izaten dituzte nazioarteko hitzorduetan lehiatzeko. Akordio honi esker, baliabide gehiago izango ditugu goi mailako euskal kirola bultzatzeko», adierazi du Bingen Zupiria Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Hitzarmenok bi urteko iraupena izango dute, beste bi urteko epeetan luzatzeko aukera jaso delarik.

Temas

Euskera