Aitaren magiaren lurraldea oso mugatua zen: karta-sorta bat, edalontzi bi, eraztun bat, bost pospolo, hiru kanika, katilu bat, dado pare bat, korda bat, bost zotz, kutxa bi… Liluraren keinurik txikiena bazen berarentzako saririk handiena.
Publicidad
YouTube aurkitu zuen arte, zaletasun hori nahiko kontrolpean egon zen. Bai, ados: afari eta ospakizunetan beti jartzen zen astun, Juan Tamarízen liburuetan irakurritako truko berri baten bat erakusten; baina tutorialak deskubritu zituenean, orduan bai, erabat zoratu zen. Gainera, berriki erretiroa hartua zuen, eta afizio hari denbora gehiago eskaintzeko aukera ere bai. Bereziki gustuko zuen 'Domina la magia' izeneko kanala, non Borja Montón izeneko gazte batek ilusionismoaren jokoak erakusten eta azaltzen baitzituen.
Montónek eguneroko objektuak baliatzen zituen bere saioetan; horregatik, aitaren garajean, espazio hartan lotsarik gabe zebilen untxi zuri bat ez ezik, sardexkak, dozenaka zapitxo, hamaika txano eta zartagin bat ere aurkitzen genituen nonahi sakabanaturik. Hasieran, Diógenes sindromea harrapatuko ote zuen pentsatzen genuen; beraz, azkenean egia ondorioztatu genuenean, nolabaiteko arintasun-sentimendua izan genuen. Gure amak, ordea, horrekin guztiarekin bizitzen ikasi behar izan zuen. Horrekin eta Borja Montonekin: Borjak dio, Borja hau, Borja bestea…
Alde baikorra zen aitak burua lanpeturik zuela eta eskuetan zein hatzetan trebetasun miresgarria mantentzen zuela. Egongelako emanalditxo haietan guk baino ilusio handiagoa jartzen zuen, bere ikusle bakarrak baikinen: etxetik noizbehinka igarotzen ginen seme-alabak eta bilobak. Txikiteoan ere aprobetxatzen zuen lagunak harritzeko, errotulagailu edo txanpon batekin egiten zituen truko sinple haietako batekin; koadrilakoek, aldi berean, irribarre gozo batez baina aspertuta begiratzen zioten, Athleticen azken partidaz hizketan jarraitzen zuten bitartean.
Tamalez, algoritmo madarikatuak David Copperfielden bideoak eskaini zizkion. Ikustean Estatu Batuetako mago hark Askatasunaren Estatua desagerrarazi zuela eta Arroila Handiaren gainetik lebitatu zela aitak ulertu zuen bere aleginek ez zutela jada merezi. Ez zen sekula gauza izango halako emozioa eragiteko.
Publicidad
Denbora batez amari lapurtutako izarekin estalita, saiatu zen desagerrarazten mikrouhin zahar bat, hainbat aulki, untxia, inguruan ibili ohi zen kale-katu bat eta baita hogei urte zeramatzan gidatzen zuen Ford Escort hura ere. Alferrik izan zen azaldu genionean halako truko ikusgarriak iruzur hutsa zirela eta ez zirela benetan gertatzen: estatua han jarraitzen zuela, eta erditik mozten zuten neska hura une oro osorik eta onik zegoela.
Ordutik aurrera, magiarako interesa apalduz joan zitzaion, eta gero eta isilagoa, tristeagoa eta gogoetatsuagoa bihurtu zen. Gure amaren heriotzak erabat astindu eta hautsi zion barrena. Hilabete gutxira hil zen. Azaroaren asteazken batean ez zen esnatu; aurpegia bare zeukan, eta bere ezpainetan izoztutako irribarreak nahasi gintuen.
Publicidad
Hileta egin eta aste batera agertu zitzaigun lehen aldiz 'La promesa' ikusten geundelarik. Hasieran, inork ez zuen ezer esan, ustez ikaraturik edo sinetsi ezinik. Geroxeago -hor, alboko besaulkian jezarrita, guri begira…- ulertu genuen galduak geundela: hori zela bizitza osoan bilatzen ibili zen behin betiko trukoa eta hortik aurrera etengabe errepikatuko ziguna.
Aitaren magiaren mapa oso txikia da: etxeko gelak, kotxea, igogailua… Harritzea da beretzat ordainik handiena. Bai, ados: bisitekin eta bizilagunekin jartzen da astun. Oso.
En fin.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión