https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gaur hasiko da (H)ilbeltza, eta igandera arte luzatuko da

Gaur hasiko da (H)ilbeltza, eta igandera arte luzatuko da

Euskal nobela beltzaren jaialdia urtarrilaren 14tik 20ra egingo dute Baztanen: Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta Xabier Olarrak hartuko dute parte, besteak beste

AMALIA IBARGUTXI

(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren jaialdia urtarrilaren 14an hasi eta 20an amaituko da. Besteak beste, Itxaro Borda, Edorta Jimenez eta Xabier Olarrak hartuko dute parte Baztango literatur astean. Literatur hizketaldi eta mahai inguruez gain, hainbat jarduera prestatu dituzte bertaratutakoentzat.

Lau egunetan banatu dute antolatzaileek egitaraua. Aste egunetarako solasaldi eta hitzaldiak antolatu dituzte, batik bat. Asteburuan, aldiz, literatura beste esparru batzuetara zabalduko dute. Larunbatarekin hasteko, mahai ingurua egingo dute Itxaro Borda eta Edorta Jimenez idazleek, hausnartzeko nobela beltzetan egiten den hiria eta landa eremuen trataeraren inguruan. Moderatzaile lanetan Ana Galarraga ariko da, goizeko 11:00etatik aurrera.

Larunbatean baita ere, bazkaria egingo dute Erratzuko Etxeleberte elkartean. Gero, arratsaldeko 17:00etan hiru libururen aurkezpenak egingo dituzte. Miel A. Elustondok (H)ilbeltza bekarekin sortutako 'Kezko bola batek itoak birikak' aurkeztuko du, Edorta Jimenezek 'Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua' eta Xabier Etxeberriak, 'Berriro itzuliko balitz'.

Jarraian, eguna ixteko, 'Susmagarrien gaua' delakoa egingo dute Erratzun barna, eta igande goizez, 'itzuli beltza' deitu diotenari ekingo diote. Arratsalde horretan, hilaren 20an, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean irakurketa girotua egingo dute, Jon Alonsoren 'Chandlerren alde… edo kontra' testua oinarri. Mairu antzerki taldeko lagunek eta (H)ilbeltzakideek hartuko dute parte, 19:00etatik aurrera.

Horri guztiari heldu baino lehen, ordea, nobela beltzaren inguruko zenbait eztabaidari helduko diote. Adibidez, jaialdiaren lehen egunean, hilaren 14an, Xabier Olarra itzultzailearekin Dashiell Hammett idazlearen 'Uzta gorria' liburuaren inguruan ariko dira solasean. 19:30ean, Arizkungo Medikuaren etxean izango da.

Asteazkenean, hilak 16, Anizko Mendiarte elkartean Koldo Izagirre idazlea izango da, 'Jurgi kapitaina, Xabier Gereñoren doblea' hizketaldia egiten. Arratsaldeko 19:00etan izango da saioa. Ostiralean, urtarrilaren 18an, 19:00etan baita ere, zinema eta literaturaren inguruan jardungo dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Gotzon Agotek egingo duen 'Hemingway ere beltza zen' hizketaldiarekin.

Temas

Euskera