https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

130 idazle, 27 argitaletxe eta 11 elkarte bildu dira aurten Sarako 36. Idazleen Biltzarrean

Aurtengo edizioaren kartela./
Aurtengo edizioaren kartela.

Jardunaldietan hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egon zen: hitzaldiak, mahai-inguruak, liburuen aurkezpenak etab

UNAI SARRIUGARTE 

Apirilaren 22an eta 23an Lapurdin Sarako 36. Idazleen Biltzarra ospatu zuten. Jardunaldietan hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egon zen: hitzaldiak, mahai-inguruak, liburuen aurkezpenak etab. Astelehena irakurleei zuzendutako eguna izan zen eta asteartea, berriz, profesionalei bideratutakoa. Bi jardunaldien ordutegia hurrengoa izan zen: 11:00-13:00 eta 15:00-18:00.

Sarako Idazleen Biltzarraren 36. edizioan 130 idazle, 27 argitaletxe eta 11 elkarte bildu ziren. Guztira 77 mahai jarri zituzten, eta, bertan, eleberriak, hiztegiak edota liburu ilustratuak aurkitzeko aukera izan zuten interesdunek. Euskal literaturaren erakusle zaleen elkargune da Sarako Biltzarra Ipar Euskal Herritik harago ere. Eta azken urteotan, Euskal Herriaren eta bereziki Ipar Euskal Herriaren ispilu kulturala bilakatu da.

Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztu zituen pasa den astelehenean, mintzaldien gunean: batetik, 'Euskara batua eta Ipar Euskal Herria 1964-2018', Jean-Baptist Coyos euskaltzainak idatzia; 'Janpierra lexardoarteren bizitzea eta basabürüaren trajeria', Jakes Sarraillete idazle eta euskaltzainak egina; eta 'Le dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak, othoi çato etchera', Xabier Elosegi euskal ikertzaileak burutua.

Astelehen arratsaldean, berriz, Juan Carlos Etxegoien 'Xamarren Etxera bidean', Kepa Altonagaren 'Duvoisin kapitainaren malura' eta Asisko Urmenetaren 'Azti-hitza, Xahoren biografikoa' lanen aurkezpenak egin ziren. Gainera, Ainize Madariaga Muthular euskal ikertzaile eta Berria egunkariko kazetariak UEUren eskutik, 'Komunitatea hats-bahiturik' izeneko obra aurkeztu zuen.

Halaber, Cairn argitaletxeak 'Basque(s)' liburua plazaratu zuen. 32 artikuluk osatutako bilduma bat da hau, euskal identitateak eta euskal kultura folkloretik harago egun nola bizi den aztergai duena. Bertan, argitalpenean parte hartu duten bost kide izan ziren, Argitxu Camus, Eric Dicharry, Pilippe Etxegoien, Evelyne Mourguy eta Frederic Bauduer.

Era berean, Begiraleak argitaletxearen eskutik, Janbattitt Dirassarrek 'Herria irakurtua' liburua aurkeztu zuen, idazle euskaldunak 1996tik gaur egunera arte Herria astekarian argitaratutako ehun idatziren bilduma. Jardunaldien bigarren egunean 'Euskarazko literatura helduentzat' gaia jorratzeko aukera izan zuten besteak beste argitaratzaileek, liburu saltzaileek, liburuzainek, idazleek, irakasleek eta ikasleek.