https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Astelehen urdin batean

Badirudi nolabaiteko itzal iluna erori dela zure eguneroko paisaiaren gainera/Fotolia
Badirudi nolabaiteko itzal iluna erori dela zure eguneroko paisaiaren gainera / Fotolia
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Ez dakizu zehatz-mehatz zergatik izango den, baina egun hauetan dena ezberdin ikusten duzu. Badirudi nolabaiteko itzal iluna erori dela zure eguneroko paisaiaren gainera.

Atzo, Freddy Mercuryren bizitzaren inguruko dokumental hori ikustean, hasi zinen hildakoak zenbatzen: Pavarotti, Montserrat Caballé, Freddy bera... Felix Linaresi askotan entzundako esaldiaz gogoratu zinen: «azken bolada honetan hiltzen ez zen jende mota bat hasi da hiltzen...»

Bazenekien egunen batean eta naturaren logikaren ildotik zure haurtzaro eta gaztaroko erreferenteak zu baino lehenago hilko zirela, baina orain, hildakoen zerrenda ikaragarri puztu delakoan zaude. Edozein zapping aspertutan hor agertzen dira gupidagabe: Peret, Paco Rabal, Lola Flores, Jose María Iñigo, Mikel Laboa, Fernando Fernán Gómez, Manuel Vázquez Montalban, Richard Burton, Jose María Iñigo, Lou Reed, David Bowie, Forges... eskerrak bat-batean Raphaelen irudia agertu dela nonbait, hilezkortasunari itxaropen tipi bat emanez.

Egun hauetan, era berean, ezin burutik aldendu entzungo ez dituzun diskoak, ikusiko ez dituzun pelikulak, maitatuko ez dituzun pertsonak, ezagutuko ez dituzun herrialdeak, izango ez dituzun esperientziak...

Egunkariko eskelen aurrean -lehen sekula santan begiratzen ez zenituenak- zure irudimenak hegaz egiteari ekin dio. Zein izango ote litzateke zure hilobian epitafiorik egokiena?... «Ez naiz ezertaz jabetu»... edota «Garaiz zaude ni baino hobeto egiteko»... edota «Arazoak amaitu zaizkit: yihaaa!» edota «Okerrena gainditu dut... orain zure txanda da...»

Azken bolada goibel honetan «marmotaren egunean» sentiarazten zaituzten gertaerak errepikatzen dira baita ere: Inoiz ongi ulertu ez dituzun neguko inauteri hauek..., hautagaien orroak datozen hauteskundeei begira -aspaldian halako kanpainak kilikagarriak ematen zizkizun, gogoratzen?- ..., lagunekin izandako berriketak -ez al dut hau lehenago entzun?-…

Eta hausnarketa goibelen artean honako hau ere bai: horrenbeste disko, liburu, ikasgai, azterketa, kalaka, pelikulek... zeozer irakatsi al dizute benetan? Ez zenuke ziurtasun osoz erantzungo. Badakizu, bai, heldutasuna ez dela susmatzen zenuen bezalakoa, badagoelako zure baitan alde egin nahi ez duen ume beldurti bat. Badakizu, baita ere, gero eta jarrera gutxiago dagoela, kosta ahala kosta aldeztuko zenukeena. Baita ere badakizu «betiko» ez dela ezer, horrenbestetan «betiko maiteko zaitut», «inoiz ez zaitut ahaztuko» eta antzerako esamoldeak errepikatzea gustuko dugun arren...

Txikitan hain «horteratzat» hartzen zenuen abesti hori, orain zentzuz beterikoa iruditzen zaizu: «Hiru gauza daude bizitzan: osasuna, dirua eta maitasuna/ hirurak badituzu, jainkoari eskerrak eman». Ez, ez zen Dylan, ez Jagger, ez eta Leonard Cohen ere, kantatzen zuena, 'Cristina y Los Stop»» ziren, eta egia esan, ez zitzaien arrazoirik falta.

Nekatuta zaude Trump, Kim Jong Um, Theresa May eta antzekoak albistegietan ikusteaz. Nazkatua zaude dena kontrolatu nahi duen zuzentasun politikoaz. Oka egiteko gogorik baduzu bertoko panorama politiko-soziala aztertzean... areago etor daitekeena susmatzean...

Zer dela eta estualdi hau? Itxaron... badakit, hor dator berriro -gero eta azkarrago baitator kabroi hori- zure urtebetetzea.

Temas

Euskera