https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aste Nagusiko kartelen lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute

Iazko edizioaren kartelen aurkezpena./E.C.
Iazko edizioaren kartelen aurkezpena. / E.C.

Bilboko Udalak antolatzen duen lehiaketan parte hartzeko deialdia maiatzaren 31 arte egongo da zabalik

UNAI SARRIUGARTE

Bilboko Udalak Aste Nagusiko kartelen lehiaketan izena emateko epea zabaldu du. Deialdi hau apirilaren 25etik maiatzaren 31ra bitartean egongo da zabalik. Kartel lehiaketaren oinarriak Bilboko Udalaren web orrialdean kontsulta daitezke. Lanak Bilboko Udalaren Jaietako Sailaren bulegoan aurkeztu beharko dira. Bilboko Jaietako Saila Venezuela plazako 2. zenbakian kokatua dago.

Parte hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ditzake gehienez eta kartelaren kolorea eta teknika librea izango dira. Bestalde, kartelaren tamaina 70cm x 50cm neurrikoa izan beharko da. Kartelak eraman beharreko testua, berriz, honako hau izango da: 'BILBAO 2019 ASTE NAGUSIA Abuztuak 17-25 Agosto'.

Sei kartel finalistak hautatzeko lehendabiziko aukeraketa prozesua epaimahi berezi batek burutuko du. Epaimahia Jaietako Batzordeak izendatuko du eta 9 kidek osatuko dute: horietako bost diseinu alorrarekin zerikusia izan beharko dute, beste bat konpartsen ordezkaria izango da eta azken hirurak Udalbatzaren ordezkariak izango dira, Jaietako batzordeburua barne.

Behin finalera pasako diren sei kartel finalistak hautatuta, Bilboko Udalak herritarrek botoa emateko programa bat abiaraziko du. Izan ere, Udalak, beste urte batez berriro ere, lehiaketa honetan bilbotarrek parte hartzea nahi du. Hortaz, lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatzen die Udalak bilbotarrei.

Bestalde, bilbotarrek bi era izango dituzte botoak eman ahal izateko: Zuzenean, tokia oraindik konfirmatu gabe dago edota Udalaren web orrialdearen bidez. Bestalde, epaimahaiak beste bozketa bat burutuko du. Herri-bozketako puntuak eta epaimahaiarenak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartela izango da irabazlea. Aurtengo Bilboko Aste Nagusiko kartelaren irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.