https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Asisko Urmeneta komikigile euskaldunak Bruselako Fete de la Bd Azokan esku hartuko du

Asisko Urmeneta./DV
Asisko Urmeneta. / DV

Urtero 250 komikigile baino gehiago biltzen dira bertan eta azokak 100.000 bisitaritik gora jasotzen ditu

UNAI SARRIUGARTE

Asisko Urmeneta komikigile euskaldunak Bruselako Fete de la Bd Azokan esku hartuko du. Hortaz, euskal komikigintzak jaialdi honetan parte-hartzen duen bosgarren aldia izango da. Aurtengo edizioa irailaren 13, 14 eta 15ean ospatuko dute Belgikako hiriburuan. Ekimen honek nazioarteko komikiekin erlazionaturiko tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta erakusketak eskaintzen ditu urtero.

Gainera, Europa osoko editore ezberdinen argitalpenak eta berritasunak egongo dira erakusgai. Urtero 250 komikigile baino gehiago biltzen dira bertan eta azokak 100.000 bisitaritik gora jasotzen ditu.

Euskal arigitalpenak nazioarteko komiki pabilioian egongo dira ikusgai. Esparru honetan Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzaz eta Etxepare Euskal Institutuaz gain, Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak hartzen du esku. Era berean, beste hainbat herrialdetako komikiak eskuratzeko aukera izango dute bisitariek; hala nola, Estonia, Polonia, Hungaria, Lituania, Israel, Finlandia edota Portugal.

Aipatu dugunez aurtengo euskal gonbidatua Asisko Urmeneta marrazkilaria da. Komikigileak bi ekintza ezberdinetan hartuko du parte. Hauexek datorren larunbatean, irailak 14, ospatuko dira. Batetik, goizeko 11:00etan tailer bat eskainiko du frantsesez, «Karikatura, diseinu grafikoa eta arte sekuentziala« izenekoa. Arratsaldeko 16:00etan, berriz, beste tailer bat emango du Paulo Monteiro artista portugaldarrarekin batera: »Komikiak egitea marrazten jakin gabe« deritzona eta azken hauxe ingelesez eta frantsesez eskainiko dute.

Asisko Urmeneta komikigile nafarrak komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak eta prentsako karikatura landu izan ditu gehienbat. Bere obrek umorea izan ohi dute hizpide. Bere lehen pausoak komikilari gisa, Korrok eta Napartheid fanzineetan eman zituen 80. hamarkadan. Gainera, Argia aldizkarian hainbat prentsa kolaborazio egin izan ditu. Era berean, Zazpiak Batman kolektiboko kidea da Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera.