https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga Etxepare 2019 Sariaren irabazle izendatu berri dituzte

Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga Etxepare 2019 Sariaren irabazle izendatu berri dituzte

Garaikurra 'Etxe honetan' album ilustratuari esker lortu dute

UNAI SARRIUGARTE

Asier Iturralde eta Aintzane Usandizaga Etxepare 2019 Sariaren irabazle izendatu berri dituzte. Garaikurra 'Etxe honetan' album ilustratuari esker lortu dute. Albumean edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek. Horretarako umoreaz baliatu dira, ikusleei irribarrea lehen momentutik sorraraztea bilatuaz.

Lehiaketaren 15. edizioan 23 lan ezberdinek hartu dute parte. Etxepare Saria Pamiela Argitaletxeak, Galtzagorri elkartearekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean sortutako ekimena da. Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Idoia Sobrino liburuzainak egin dituzte aurtengo epaile lanak. 'Etxe honetan' obra Pamiela Argitaletxeak kaleratuko du euskaraz datorren udazkenean eta lehiaketaren irabazleek 5.000 euro jasoko dute egile eskubideen aurrerapen moduan.

2004. urtean antolatu ziren estreinakoz Etxepare Sariak. Nafarroako toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek, Nafarroan literatur sari esanguratsu baten premia zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izan zen saria sortzeko helburuarekin, Etxepare sariak antolatu zituzten.

Garaikur hau haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko xedearekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko albumen sorrera bultzatzen duten beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Asier Iturralde donostiar irudigile eta diseinugile grafikoa da. Arte Ederretan lizentziaduna, Diseinu estudio askotan lanean ibilitakoa da: Gramma, Trace, Verno, Alude etab. 2004. urtean beste diseinugile batekin, La Machine Factoría Gráfica sortu zuen.

2017an, berriz, bide berri bati ekin zion, Studio GASTON sortuz. Batez ere, erakundeentzako egiten du lan: kultura eta gazteri arloetan esaterako. Komikigintzan hainbat sari lortu izan ditu: Portugalete, KMK, DEIA, Kutxa Kultur etab. Gainera, hainbat komiki erakusketetan ere esku hartu du: Rekalde Aretoa edota Sala Kutxan.

Bestalde, Aintzane Usandizaga Lopez, Lasarte-Orian jaioa, Artearen Historian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Kultura Artistikoaren Gizarte Garapenetan Graduondokoa Malagako Unibertsitatean. Egun proiektu eta zentro kultural ezberdinetan dihardu lanean. Aurtengo udaberrian 'Kabitu ezina' liburua argitaratu du Elkar argitaletxearekin.

Temas

Euskera