https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Artiumek Ingurumeneko Zine Jaialdiaren Erakustaldia hartuko du berriz ere

Iazkoa 24. edizioa izan zen, eta jaialdia erreferente bihurtu da ingurumen arloko dokumental zein jaialdi berritzaileen arloan

I.AGOTE

Gasteizek 9 film eskainiko ditu FICMA-Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiko erakustaldian, Artium museoan proiektatuko diren sei saioetan. Jaialdiak ingurumenarekiko errespetuzko aldaketa sozial baten inguruan hausnartzea izan du xede sorreratik, eta martxan daramatzan 24 urteetan errotu egin da nazioartean. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hamabost aldiz ekarri du Gasteizera Kataluniako jaialdi honetako erakustaldi bat.

Ingurumeneko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia ingurumena aztergai duen zine-jaialdi aitzindaria da munduan. Iazkoa 24. edizioa izan zen, eta jaialdia erreferente bihurtu da ingurumen arloko dokumental zein jaialdi berritzaileen arloan. Zinema, bere industria eta ingurumen arloko edukia eta hezkuntza lantzen ditu hainbat jardueratan teknologia berriak baliatuta. Sustapen eta hedapenetik harantzago doan jaialdia da FICMA, inspirazio eta baloreen iturri izateaz gain, gizarte aldaketen sortzailea ere bada. Jaialdi honetan entretenimendua hausnarketa bihurtzen da; gizartea eraldatzea du xede, kulturaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen industria lagun, planeta leku bizigarriagoa izan dadin eta etorkizuna duen leku bihurtzeko.

Gasteiztarrek gaurtik (urtarrilaren 9a) urtarrilaren 25era bitartean gozatu ahalko dute erakustaldiaz. Aurtengo berrikuntzarik nagusia kokalekuaren aldaketa da: proiekzioak Artium museoan izango dira. Aurreko edizioetan, berriz, Aldaberen aurrean, Luis de Ajuria aretoan edo Montehermoson izan ziren. Pinakotekak jaialdian parte hartzeari esker, Blanca de la Torre arte komisarioaren hitzaldi bat gehituko zaio programari: “Artea egungo klima-aldaketaren eta arazo ekologikoen aurkako estrategia gisa”. Bertan, artearen garrantziaz eta artearen lengoaiak iraunkortasun-arazoen inguruan eztabaida publikoa sortzeko ematen duen aukeraz hausnartuko da. Horretaz gain, Artiumek ingurumen gaiekin lotutako artelan bat aukeratuko du, astero, bere funtsen artetik. Proiekzioak astearte eta ostegunetan izango dira, eta horien aurretik, 19:00etan, aukeratutako artelanak ezagutzeko bisita gidatua egingo da. Bisita horietarako ezinbestekoa da izena ematea. Proiekzio eta hitzaldirako, berriz, sarrera librea izango da lekuak bete arte.

” Udalean uste dugu zinema ezinbesteko lanabesa dela sentsibilizazio eta pedagogiaren alorrean. “Zinemak pertsona berriarengana eta beste errealitate batzuetara hurbiltzen laguntzen digu, eta osotasun baten parte garela eta egiten dugun orok uste baino sakonagoko eraginak dituela irakasten eta horretaz kontzientzia harrarazten digu. Honek guztiak garrantzi handiagoa du ingurumenaz ari bagara” adierazi du Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakari Iñaki Prusillak.

“Gure ustez bete-betean asmatu dugu arabarrei eta euskaldunei, oro har, guretzat eta etorkizuneko belaunaldientzat honen garrantzitsua den gai baten inguruko ikus-entzunezko produkzio bikainak eskaintzeko aukera izatean” adierazi du Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Igone Martinez de Lunak.

FICMAko zuzendari Jaume Gilek adierazi duenez, ” Kataluniako ingurumeneko zinemaren nazioarteko jaialdia ingurumena aztergai duen zine-jaialdi aitzindaria da munduan. Iazkoa 24. edizioa izan zen, eta jaialdia erreferente bihurtu da ingurumen arloko dokumental zein jaialdi berritzaileen arloan. Zinema, bere industria eta ingurumen arloko edukia eta hezkuntza lantzen ditu hainbat jardueratan teknologia berriak baliatuta. Sustapen eta hedapenetik harantzago doan jaialdia da FICMA, inspirazio eta baloreen iturri izateaz gain, gizarte aldaketen sortzailea ere bada. Jaialdi honetan entretenimendua hausnarketa bihurtzen da; gizartea eraldatzea du xede, kulturaren, zinemaren eta ikus-entzunezkoen industria lagun, gure planeta leku bizigarriagoa izan dadin eta etorkizuna duen leku bihurtzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos