https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Artiumek ekoitziriko bi erakusketa, Lleida eta Madrilen ikusgai

Madrilgo Mexikoko Institutuan 'Kartografia likidoak' erakusketa dago ikusgai asteartetik./Kulturklik
Madrilgo Mexikoko Institutuan 'Kartografia likidoak' erakusketa dago ikusgai asteartetik. / Kulturklik

'Uztailak 38 - urriak 27' aurreko larunbatean inauguratu zen Lleidako Paneran, 'Kartografia likidoak' Madrilgo Mexikoko Institutuan ireki zuten asteartean. Horietaz aparte, 'Espazioaren barrea (Guernica)' apirilaren 13an inauguratuko dute Palmako Casal Solleric aretoan

ELCORREO.COM

Artiumek, Gasteizko Arte Garaikideko Zentro-Museoak, duela gutxi ekoitziriko bi erakusketa Lleidan eta Madrilen dira ikusgai eta hirugarren bat Palman erakutsiko dute. Hain zuzen, Juan Perez Agirregoikoaren 'Uztailak 38 - urriak 27' aurreko larunbatean inauguratu zen Lleidako Paneran, 'Kartografia likidoak' Madrilgo Mexikoko Institutuan ireki zuten asteartean eta Jose Ramon Amondarainen 'Espazioaren barrea (Guernica)' apirilaren 13an inauguratuko dute Palmako Casal Solleric aretoan.

Gasteizko museoaren arduradunek nabarmendu dutenez, bere ekoizpenek beste kultur zentro batzuetan pizten duen interesa islatzen dute hiru erakusketek. «Horri esker, Arabako museoan egindako lana kanpoan ezagutarazten da eta, gainera, ekimenak diru sarrerak ekartzen dizkio Artium Fundazioari», adierazi dute.

'Uztailak 38 - urriak 37' Juan Perez Agirregoikoa artista donostiarrak orain arte egin duen erakusketa handiena da. 1990etik Parisen bizi den artistak «begirada zorrotz eta kritikoa» egin die ideologiari, erlijioari, kapitalismoari, hezkuntzari eta kulturari, eta «garraztasunez» jorratzen ditu gaiok. Erakusketa 2017ko apirilaren 13tik irailaren 17ra bitartean egon zen Artiumen, eta joan den larunbatean zabaldu zen Lleidako Centre d'Art La Panera zentroan. Arte garaikidea sortzen eta erakusten den kataluniar zentro ospetsua da La Panera, eta gaur egun Cèlia Del Diego du zuzendari.

Bestalde, Madrilgo Mexikoko Institutuan 'Kartografia likidoak' erakusketa dago ikusgai asteartetik, ARCO azokarekin bat eginez. Erakusketa elkarlanean ekoitzi dute Artiumek, Mexiko Hiriko Carrillo Gil Museoak eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Agentzia Espainiarrak. 2017ko urriaren 6tik aurtengo otsailaren 11ra ikusgai egon den erakusketan orainaren zeharkako berrikuste bat egin da, Zygmunt Bauman filosofo, soziologo eta 'modernotasun likidoa' kontzeptuaren sortzailearen postulatuetatik abiatuta.

Azkenik, Palmako Centro de Arte Casal Solleric zentroan Jose Ramon Amondarainen 'Espazioaren barrea (Guernica)' erakusketa egongo da ikusgai apirilaren 13tik ekainaren 17ra. Artiumek Donostiako San Telmo Museoarentzat ekoitzitako erakusketa da, joan den azaroaren 24an inauguratuzen eta otsailaren 25era arte zabalik egongo da. Pablo Picassoren margolan ikonikoenaren inguruko Amondarainen bigarren egitasmo handinahia izan da. 2012an egin zuen lehendabizikoa Artiumen: 'Denbora eta premia (Guernica)'.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos