https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko Ikerketa Sarian parte hartu nahi? Zure lana aurkeztu irailaren 29ra arte

Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko Ikerketa Sarian parte hartu nahi? Zure lana aurkeztu irailaren 29ra arte

Edozein egilek har dezake parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edo doktoretza tesiak aurkeztuz, betiere arte eszenikoei lotuta

EL CORREO

Arte eszenikoen inguruko ikerkuntza eta ikasketa bultzatzea da helburua eta, horretarako, Artez Blai Kultur Elkarteak Artez Blai Arte Eszenikoen Ikerketa Sariaren 12. ediziorako deialdia egin du jada. Lanak aurkezteko epea irailaren 29ra arte egongo da irekita eta interesdunek posta elektroniko bidez bidali behar dituzte artez@artezblai.com helbidera, mezuan 'Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko XII. Ikerketa Saria' aipatuz.

Sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, edozein egilek har dezake parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edo doktoretza tesiak aurkeztuz, betiere arte eszenikoei lotuta, hau da, genero eta estilo guztietako antzerkia, dantza bere espresio bide zabalena aintzat hartuz, zirkoa, magia eta beste edozein arte performatibo. Lanak kudeaketa, teknika edota arlo artistikoari buruzkoak izan daitezke.

Egileek nahi adina testu aurkez ditzakete, norbanaka zein beste egileren baten laguntzaz eginikoak. Euskaraz edota gaztelaniaz idatzitakoak, originalak, edozein euskarritan argitaratu gabeak (ez zatika, ezta osorik) eta argitaratzeko konpromisorik gabeak izan behar dira lanak. Doktore tesien kasuan, unibertsitateen biltegi digitaletan badaude, argi adierazi beharko da. Lanen gaia librea izango da, eta, luzerari dagokionez, gutxienez 175.000 eta gehienez 450.000 karaktere izan behar dute (espazioak barne).

Irabazten duen lana Artezblai argitaletxearen 'Teoria eta Praktika' bilduman argitaratuko da, eta irabazlea 2020ko urtarrilerako jakinaraziko da, www.artezblai.com egunkari digitalean, elkartearen sare sozialetan eta komunikabideetan. Irabazleak argitaletxeari emango dizkio argitaratze eskubideak eta irabazien %10 jasoko du.

Epaimahaia gutxienez hiru eta gehienez bost espezialistek osatuko dute, Artez Blai Kultur Elkarteko zuzendaritza taldeko kideren bat idazkari dela. Erabakia apelaezina izango da.

Temas

Euskera