Artekartu konpainiak jasoko du Euskaltzaindiaren Lautan Hiru laguntza, 'Hauts artean' lanagatik
Urtzi Oleagak zuzentzen duen konpainiak 1.000 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana aurtengo Lautan Hiru jaialdian estreinatzeko aukera izango dute
Zurekin
Asteartea, 2 otsaila 2021, 18:54
Gogo handia dugu antzerkiaz gozatzeko jendez betetako aretoetan. Zalantzarik gabe, sektore horrek jasaten ari da neurri handi batean 2020ko martxoan hasitako koronabirusaren pandemiaren eragina, eta laguntza oro gutxi da garai nahasi honetan jarduerari eusteko. Are gehiago, euskarazko antzerkiaz ari bagara. Gauzak horrela, esan behar dugu Artekartu konpainiak irabazi duela Euskaltzaindiaren 2021eko Lautan Hiru formatu txikiko antzerki laguntza, 'Hauts artean' lan laburrari esker. Urtzi Oleagak zuzentzen duen konpainiak 1.000 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana aurtengo Lautan Hiru jaialdian estreinatzeko aukera izango dute.
Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko Lautan Hiru laguntza berria sortu zuen iaz. Bilboko Udalaren babesarekin sortutako laguntza honen helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari laguntzeko xedez.
Horrela, epaimahaiko kideen arabera, lan «zirikagarria» da 'Hauts artean'. Gidoiaren «erritmo biziaz» aparte, istorioak azken aldera erakusten duen «ezustea» ere nabarmendu dute epaimahaikideek, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez.
Bestalde, pandemiak azken asteotan izan duen bilakaera ikusita, otsailean egin behar zen Lautan Hiru jaialdiaren hirugarren aldia atzeratzea erabaki du Euskaltzaindiak, eta egoerak laguntzen badu, udaberrian izango da.
Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbao-rekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin elkarlanean antolatzen du jaialdia, eta egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita. Bide batez, Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultur aukerak zabaltzeko asmoz.