

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Josean Morlesín Mellado
Sábado, 25 de enero 2025, 00:15
Gure gizartea ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeak bizi dugun errealitate konplexuaren alderdiak hobeto ezagutzeko aukera ematen digu. Arteak etengabe erakusten du Estetikan ardaztutako tradiziozko kezkez gain eta munduan aurki daitekeen konbentziozko edertasuna alde batera utziz, planeta astintzen duten arazo eta gorabeherei buruzko iruzkin sakona gauzatzeko gai dela. Horrelako kasuetan sorkuntza artistikoaren erantzukizun soziala azaleratzen da eta artelana salaketa edota kritika pizgarria bilakatzen da, bidegabekerien aurrean emandako erantzun irmoa.
2013. urtean Vitoria-Gasteizko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso Kulturuneak 'Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa' deialdiari ekin zioten giza eskubideen alderdiren batean zehaztutako proiektu artistikoak sustatzeko asmoarekin. Iaz hautatutako proiektuaren emaitzak abenduaren 10ean, giza eskubideen nazioarteko egunarekin bat eginez, bere ateak ireki zituen goian aipatutako kulturgunean eta otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai. Erakusketaren komisariotza Zas Kultur elkarteak bere gain hartu du, Arabako hiriburuko arte garaikidearen sareetan garrantzizkoa den erakunde bat hain zuzen. Antolatzen dituen egitasmoen artean Inmersiones kongresua dugu, dagoeneko 17 edizio izan dituen Euskal Herriko artista berrien topaketa. Nazioarteko Elkartasuna gobernuz kanpoko erakundearekin batera, aipatutako elkarteak ondutako proposamen kolektiboa egiturazko pobrezian ardazten da. Hau da, desparekotasunean oinarria duen pobrezia.
Egitasmoaren mamia 8 artisten lanetan aurkitzen bada ere, bisitaria Laborategi izeneko espazioan sartzen da lehenbizi. Bertan, egiturazko pobrezia hobeto ezagutzeko aukera du dokumentu ezberdinei esker: liburuak, txostenak eta beste herrialde batzuen berri ematen diguten nazioarteko kooperazio proiektuen laburpenak, besteak beste. Gainera, jasotako informaziotik abiatutako iritzia edo ekarpena adierazteko lekua du paretan. Laborategian ere, parte hartzen duten artisten gogoetak ditugu sortu dituzten artelanen inguruan. Hainbat datu eta ideien espazioa da erakusketaren harrera-gela hau, planteamenduan murgiltzera gonbidatzen gaituen bitartean, pentsatzera ere bultzatzen gaituena. Gezus Ramírezen lanak dira jarraian dauzkagunak. Kartelgintzan eta legez kanpoko migratzaile bezala izandako esperientzietan oinarrituz, paperik gabekoen egoera salatzen du. Aldi berean, pertsona horiei irtenbideak ematen porrot egiten duten erakunde eta politikak kritikatzen ditu.
Aurrera jarraitu ahala, espazioa zabaltzen da handiagoa den gela batean sartzean. Zirika sortzailearen proposamenak bisitariaren albo banatan kokatzen dira. Alde batetik, 5 argazki hormaren gainean. Egurats gorrian utzitako erloju batek denboraren poderioz jasandako hondatze-sekuentziak behartsuen bizitzaren zoritxarreko bilakaera iradokitzen digu. Bestetik, sabaitik zintzilikatutako zuhaixka batek banakotasun berekoia atzean uzten du lurrean jausitako 'ni' izenordain lehorretan; aitzitik, luzatzen diren adarrek elkarkidetasuna besarkatzen dute ernatu berriko 'gu' izenordainen seinale itxaropentsuan.
Zaloa Ipiñak lurrean aurkezten du munduko mapa zatikatu bat, hazi ezberdinen edukiontzia dena. Arroza, babarrunak, artoa... Herrialdeen lurralde-antolaketaren ordez, hazi ezberdinez osatutako multzoek banatzen dituzte eremuak. Mapetan herrialdeak bereizteko erabiltzen diren kolore-banaketak gogora ekartzen dizkigun arren, hazi-multzoek ez dute muga gaindiezinik eratzen, bai ordea lur emankorraren erakusgarria. Ez hori bakarrik, beste edozein mapatan herrialdeak identifikatzeko erabili ohi diren testuen ordez, mundu honen hitzek oinarrizko eskubideak izendatzen dituzte.
Ondoren, Itzal Garcíak egungo modaren abiadura eroa eta neurriz kanpoko arropa-ekoizpen zein kontsumoa zalantzan jartzen ditu. Gauzatu duen instalazioan berak duen arropa guztia dago ikusgai. Erakusketa amaitu arte, jendeak utzitako edo emandako arropa jantziko du soilik, gure gizarteak hain barneratua duen jokaera kontsumistari performance horren bidez aurka eginez.
Itxaso Díaz zinemagileak abortatzeko eskubidearen inguruko esperientzia eta gogoetak jartzen dizkigu aurrez aurre bere ikus-entzunezko piezaren bitartez. Lan hori aldez aurretik egin zuen trilogia dokumental batetik sortu du, El Salvadorren arreta jartzen duena, 1998tik aurrera han abortua zigortzen da eta. Film horietan Higinia Garay ilustratzailearen lankidetza izan zuen eta irudigile horren ilustrazio bat proiekzio-gelaren kanpoan ikus daiteke eskegita.
Bere aldetik, Lucía Jayok hodeiez zipriztindutako zeru urdin bat zabaltzen du gure aurrean. Hala ere, zulo batek urratzen du irudia eta hori bera eusten duen egurrezko egitura. Zulo horretatik, atzetik aurrera edo aurretik atzera begira dezakegu, egituren kontzeptuari buruz eta egiturek pobrezian duten eraginaren inguruan hausnartzeko.
Txaro Arrazola artistak generoa eta pobreziaren arteko elkargunea aztertzen du bere instalazioan. Klima-aldaketa ere kontuan hartzen du eta egin dituen margolanen kasuan, pintzelkada gordinek eta kontraste bortitzek errealitatearen isla krudelagoa dakarkigu burura, ezatseginagoa akaso, pobrezia eta desparekotasuna pairatzen dituztenen errealitatea hain zuzen. Bestalde, alderdi eskultorikoa maniki batek janzten duen soinekoarekin landu du. Arropa hondakinekin eginda dago. Zehazki, elikagaiak paketatzeko erabiltzen diren sareekin. Antzinako jantzi dotoreen patroiak jarraituz josita dirudien sare multzo horretan generoa, pobrezia eta kontsumismo kapitalistaren inguruko ideia interesgarriak nabari ditzake ikusle zorrotzak.
Bukatzeko, Ariana RAC-ek etxebizitza eskuratzeko arazoak esploratzen ditu, bere kasuan kezka pertsonala ere baita, esku-hartze eta planteamendu eskultorikoen bidez. Horrela, etxebizitzaren kontzeptua beraren analisia egiten du. Materialtasuna eta material ezberdinen arteko harremanak ezinbesteko ardatza osatzen dute Arianaren ikuspuntu kritikoari forma ematerakoan.
Erakusketa amaitzear dago eta proiektu honekin batera antolatu diren jarduera osagarrien artean, azkena urtarrilaren 30ean (osteguna) egingo da, 19.00etan. Artistek beren lanei buruz hitz egingo dute eta erakusketaren katalogoa aurkeztuko da. Topaketa horretan sortzaileen eskutik egiturazko pobreziaren hainbat alderdi eta interpretazio ezagutzeko aukera eskainiko zaigu.
Horrelako egitasmoei esker, gaur egungo munduaren bidegabekerien inguruan hausnartzeko bideak irekitzen dira, eta, aldi berean, kontzientzia pizten da artearen argitan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.