https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arte Eszenikoen Max Sarietan Kaleko Ikuskizun Onena izendatutakoa, bihar ikusgai Bilbon

Igandera bitartean 30 ikuskizun inguru prestatu dituzte jaialdian parte hartzen duten sei euskal konpainiek

AMALIA IBARGUTXI

Asteburuko eguraldi onari ezin zaio aurpegi txarrik jarri. Eta, seguru aski, ezta Zazpi Kaleetan antolatu duten Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiari ere. Igandera bitartean 30 ikuskizun inguru prestatu dituzte jaialdian parte hartzen duten euskal sei konpainiek. Beren azken lanak erakutsiko dituzte, gehienek larunbat honetan. Arriaga plaza eta Areatzako Kaia hartuko dituzte ikuskizunak egiteko, besteak beste. Arte Eszenikoen Max Sarien azken edizioan Kaleko Ikuskizun Onenaren saria lortu berri duen lana, kalerako diseinatutako dantza labur bikaina, larunbat honetan, 18:00etan eta 20:15ean ikusi ahal izango da Arriaga Antzokiaren alboan: Gipuzkoako Ertza konpainiaren 'Meeting Point', alegia.

Casilda Iturrizar parkean egin du Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiaren zuzendariak jaialdiaren lehen partearen balantzea, Iparraldeko Têtes de Mules konpainiak lagunduta. Karpa baten barruan eskaintzen du talde horrek 'L`Entresort' ikuskizuna, larunbatera arte ikusi daitekeena.

Ganso & Cía euskal clownaren azken emanaldia egin zuten Areatzan atzo, eta Amaia Elizaranek 'Block' aurkeztu zuen Arriaga Antzokiaren alboan. Bertan, gorputzaren bitartez erlazionatzen diren bi emakumeren dantza ikuskizuna ikusi ahal izan zuten, kaleko arteak bultzatzeko Karrikan Plataformaren bigarren laguntza deialdia irabazi duena.

Hika Teatroak eta Oinkari Dantza Taldeak eskainiko duten emanaldiak ere dantza osagarri handia izango du. 'Sagartu' diziplina anitzeko kaleko ikuskizuna da, «zuzeneko musikaz, antzerkiz eta dantzaz osatutakoa, umorez, pozez eta indarrez sagarrak, ez soilik gure herrialdean, Edeneko garaietatik gaur egunera arte izan dituen esanahi guztiak erakutsiko dituena». Udalak aditzera eman duenez, Hika antzerki taldeak, Oinkari dantza taldearekin batera, dantza eta antzerki jai «handia» eramango du agertokira gaur, hilak 6, ikus-entzule guztiek bere ikusgarritasunaz eta originaltasunaz goza dezaten. Areatzako kaian, gaueko 23:30etik aurrera ikusi ahal izango da.

Zo-Zongó!! Euskal konpainia izango da jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera emango diona, larunbat gauerdian, Areatzako Kaian. 'Psycho-Clown' musika eta antzerki ikuskizunean, Jokerren aginduetara arituko diren zortzi pailazo hirira helduko dira, dena hankaz gora jartzeko. Perkusioan dago oinarrituta batez ere, estilo eta erritmo ezberdinak jotzen dituztelarik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos