https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arte Ederren Museoan zinema zikloak ere izango dira ikusgai

Arte Ederren Museoan zinema zikloak ere izango dira ikusgai

Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak sinatutako lankidetza-akordioaren ondorioz, Museoan erakutsiko dituzte Filmategiko ziklo eta emanaldiak. Hasteko, Helena Taberna zinemagile eta gidoilari nafarrari buruzko atzera begirako zikloa egingo dute abendura bitartean

AMALIA IBARGUTXI

Aurrerantzean, Bilboko pinakotekak hartuko ditu Filmategiak antolaturiko zinema-zikloak. Bilboko Arte Ederren Museoak eta Euskadiko Filmategiak sinatutako lankidetza-akordioaren ondorioz, museoan erakutsiko dira Euskadiko Filmategiak antolaturiko zikloak eta emanaldiak, Donostiako Tabakalerarekin egiten duten bezala. Museoak larunbatero eskainiko ditu saiook, kultura zinematografikoa zabaltzeko helburuz, eta, horretarako, bi eratako lanak emango ditu: euskal ondareari dagozkionak eta zinema klasikoa. Egitasmoa urriaren 13an jarriko da martxan, larunbatez, Museoko auditoriumean.

208 lagunentzako tokia du auditoriumak, eta Helena Taberna zinemagile eta gidoilari nafarrari buruzko atzera begirako ziklo batekin hasiko dute ekarlana. Urritik abendura bitartean egingo dute lehen ziklo hori. Gainera, Carlos Roldanek liburu bat idatzi du zinemagileari buruz, 'La luz de un sueño. El cine de Helena Taberna', eta bertan aurkeztuko du Euskadiko Filmategiak, Nafarroako Filmategiak lagunduta.

Zikloaren antolatzaileek esan dutenez, «Tabernaren lanean beti uztartzen dira fintasuna eta indarra. Egileak, gainera, beti eutsi die tinko bere printzipioei, besteak beste, konpromiso feministari, kontzientzia euskaltzaleari eta bere egile-identitatetik abiatuta publikoarekin topo egiteko gogoari». 2000. urtean aurkeztu zuen lehen film luzea, 'Yoyes', eta gero heldu ziren, besteak beste, 'Extranjeras' (2003) eta Gerra Zibilaren garaiko Altsasu erretratatzen duen 'La buena nueva' (2008). 2010ean 'Nagore' filma egin zuen eta azkenik, duela pare bat urte, 'Acantilado' filmean bildu zituen «sortzaile gisa izandako kezka nagusietako batzuk».

Beste ekitaldi batzuk

Ziklo horretaz gain, zinemagintzarekin lotutako ekitaldiak antolatuko dira museoan, besteak beste Euskadiko Filmategiaren 'Gustukuena/La favorita de…' egitasmoa. Hala, Jose Julian Bakedanok eta euskal zinemagile emakumeak biltzen dituen (H)EMEN kolektiboak aukeratutako filmak izango dira ikusgai.

Bestalde, Filmategiak 40 urte beteko ditu laster, eta hori ospatzearren, Mercedes Álvarez zuzendariaren bi film erakutsiko dituzte. Bestetik, Kimuak programak 20 urte beteko ditu.

Bi erakundeetako arduradun nagusiak bildu dira lankidetza-akordioaren aurkezpenean. Bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Bilboko Arte Ederren Museoaren Patronatuko lehendakaria; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua; Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendaria; Helena Taberna zinemagilea, eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos