https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arte Ederren Museoa, Bilboko historiaren protagonista

Bilboko Arte Ederren Museoa./
Bilboko Arte Ederren Museoa.

1908an jaio eta 1945. urtean eraikin zaharra altxatu zuten. 1970ean eraikuntza berria heldu zen, eta, 2001ean, azken berrikuntza bizi izan zuen museoak. Hurrengo urteotan, beste erreforma bat egingo dute, 8.000 metro karratu gehiago irabazteko helburuarekin

UNAI SARRIUGARTE

Azken asteetan aurreratu dugun bezala, Arte Ederren museoak erreforma garrantzitsua jasango du hurrengo urteetan. Helburua metro karratu gehiago irabaztea izango da (8.000 gehiago, alegia), eta, aitzakia horrekin, gaurko erreportaian Bilboko museoaren historiari buruz hitz egiteko aprobetxatuko dugu.

Arte Ederren museoak 1908 jaio eta 1914 ireki zituen ateak eta Arte Modernoko Museoa 1924. urtean inauguratu zen. Gero, 1945ean erakunde biek bat egin zuten eta eraikin zaharra eraiki. 1970ean eraikuntza berria egin, eta, 2001ean gaur egunera arteko azken berrikuntza bizi izan zuen, egun aurkezten duen itxura hartuz.

Esan bezala, hurrengo urteotan museoak beste erreforma bat egingo du, metro karratu gehiago irabazteko helburuarekin. Museoak 8.000 metro karratu gehiago izango ditu: 5.000 metro museoak egun hartzen duen esparruan, hau da, Doña Casilda Iturrizar Parkean eta beste 3.000 metro karratu eraikin osagarri batean. Tokia oraindik zehaztu gabe dago. Hirigintza-lan honetarako 22 milioi euro bideratuko dituzte eta lanak 2022. urterako amaitzea aurreikusi dute.

Argi dagoenez, Arte Ederren Museoak Bilboren historian protagonismo ikaragarria izan du. Herritarrak, bertako artistak eta erakunde publikoak eredu honen islada ezinhobea dira, eurek zehaztu baitute museoaren osaera eta hazkundea, artelan garrantzitsu askoren erosketa eta dohaintzaren bitartez.

Zabaltze prozesu desberdinak

Eraikin berria, estilo neoklasikokoa, hiriko Zabalgunean eraiki zen eta 1945ean inauguratu. Obra Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoek diseinatu zuten eta lehenengo zuzendaria Manuel Losada izan zen. Baina 70. hamarkadan museoak bere lehen zabaltze prozesua bizi izan zuen. Proiektua Alvaro Libanok eta Ricardo Beascoak egin zuten. Lan berritzaile hau Mies Van Der Roheren arkitekturan islatzen da gehienbat. 1991. urtean Eusko Jaurlaritza museoaren parte bihurtu zen, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bat eginez.

1996. urtean, berriz, Miguel Zugazaren zuzendaritzapean museoa berritu eta handitzeko lehiaketa bat burutu zuten, instalazioak eta zebitzuak berriztatzeko helburuarekin. Lehiaketaren epaimahaian hainbat arkitekto ospetusk hartu zuten parte: Rafael Moneo, Norman Foster edota Alvaro Libano. 19 proiektuk hartu zuten esku eta Luis Uriarteren lan taldeak irabazi zuen lehiaketa.

Erreformak museoa osatzen duten eraikin bien arteko komunikazio horizontal eta bertikala ahalbidetu zuen, lotura eta galeria berri banarekin. Era berean, zenbait espazio elkartu egin ziren: harrera, kafetegia, jatetxea, denda, liburutegia, sail didaktikoa eta auditoriuma besteak beste.

Lan hauen ondorioz, museoaren azalera 6.450 m2 handitu egin zen. 15 milioi euro bideratu ziren proiekturako eta finantziazioa museoa osatzen duten erakundeen eskutik etorri zen: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia Bilboko Udaletik, alegia. Orain, erreforma berria heltzear dagoela bilbotarrek irrikitan gaude nola geratuko den jakin nahi. Urte batzuk itxaron beharko baditugu ere, uste dugu proiektua onuragarria izango dela gure hiriarentzako.