Borrar
Siriako errefuxiatuak, Grezian. EFE
Arrotz eta hotz

Arrotz eta hotz

Ez dirudi errefuxiatuen drama prozesatzeko gai garenik. 2015etik hona, hiru milioi pertsonak ihes egin dute Siriatik

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Jueves, 21 de diciembre 2017, 00:52

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Txakurrek ez dute ondo ikusten telebista; ez dute, behintzat, guk ikusten ditugun irudiak definizio berberarekin ikusten. Distortsio horren arrazoia fotogramen frekuentzia ei da. Guk ere ikusmena eta entzumena mugatuta dauzkagu. Antza, zifrak handiegiak direnean, ez dugu ondo irudikatzen errealitatea: ikusten duguna ez da geure bihotzetara heltzen, ez du kontakturik egiten. Esaterako, ez dirudi errefuxiatuen drama prozesatzeko gai garenik. 2015etik hona, hiru milioi pertsonak ihes egin dute Siriatik. Hain estratosferikoa da zifra, ezin baitugu barneratu. Gure begiek irudi zehatzagoak behar dituzte zenbait errealitate ulertzeko. Azken finean, bihotzak ulertzen ez duenak ez gaitu mobilizatzen. Aldiz, gure ikusmenak Aylaren argazki mingarri hura garden jaso zuen. Hiru milioi pertsona, baina geure erretinan bat baino ez da geratuko betirako.

Bai erakunde ofizialak bai biztanleok -autokritika egin dezagun- ez diogu errefuxiatuen dramari zuzenean begiratu. Ez diegu eman errefuxiatuei hain beharrezkoa den laguntza. Denboraren poderioz, egunkariek dakartzaten zifra krudeletara ohitu gara. Geure erretinek ez dituzte bidegabekeria horren sakontasuna hauteman. Telebistan ikusten ditugu irudiak, baina txakurrei gertatzen zaien bezala, frekuentziarekin arazoak ditugula ematen du.

Beraz, errealitate horri heltzeko beste bide batzuk behar ditugu. Deserosoa bada ere, urgentea da pertsona horien egoera ondo ulertzea.

Komikietan, binetaren abiadura -bineten frekuentzia- guk geuk ezartzen dugu. Sentsibilizaziorako tresna aproposa da nobela grafikoa. Adibidez, 'La grieta'k merezi du. Carlos Spottornok eta Guillermo Abrilek –World Press Photo sariaren irabazleak– errefuxiatuen drama helarazten digute. Aurpegia jartzen diote zifra arrotzei, eta izen propioak, zoritxarrari. Gizakiok atrofiatuta dauzkagu zentzumenak. Begiratu gabe begiratzen dugu eta entzun gabe entzuten dugu. Erregulatu dezagun irudien frekuentzia geure bihotzen taupadak esna daitezen, ea horrela Europan zehar zabaldu den sokorru garrasi hori entzuteko gai garen, azkenik.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios