https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arrakastaren mina

Mende honen hasierako egunen batean, Tim Bergling, suediar nerabe herabetia, buru belarri dabil bere etxeko ordenagailuan

Avicii./
Avicii.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Mende honen hasierako egunen batean, Tim Bergling, suediar nerabe herabetia, buru belarri dabil bere etxeko ordenagailuan. Soinu nahasketak egitea du gustuko. Zenbait abesti ezagunen zatiak hartu eta berak asmatutako oinarriekin nahasten ditu, pieza berri bat osatzearren. Oso perfekzionista denez, emaitzarekin poz-pozik egon arte ez du lana bukatutzat ematen.

Bere inguruan nolabaiteko ospea lortu ondoren, Berglinek produktore baten arreta eta laguntza lortzen du eta beraren sorkuntzak jai pribatuetan eta diskoteketan entzuten hasten dira.

Avicii ezizena aukeratu eta gero, eta hogei urte bete barik, DJ modura lehenengo emanaldiak egiteari ekiten dio. Surflari on batek egiten duen modura, Aviciik olatu egokia hartzen du behar den unean. Haren konposizioek, oso epe laburrean, mundu mailako oihartzuna lortzen dute: 'Levels', 'Wake Me Up', 'Hey Brother'... egunez egun eta urteetan zehar areagotuko den dolar-euri bat.

Egun batetik bestera gazte honen bizimodua erabat aldatuko da. Asteko edozein egunetan eta munduko edozein puntatan izan daiteke hurrengo jaialdia. Edonon zain ditu milaka entzule, milaka dantzari, milaka aho bere izena oihukatuz, milaka beso altxaturik jainko berria gurtzeko.

Aviciik lehenengo bira 2010. urtean hasi zuen. Haren zuzenekoek 2016. urte arte iraungo dute. 2014. urtean, pankreatitis bat sufritu ondoren ospitalizatua izan zen. Barea eta apendizea erauzi zizkioten. Arazo horiek alkoholaren eraginez sortu omen ziren. Haren hitzetan: «Edaten ez nuenean oso txepela nintzela konturatu nintzen eta irtenbide magikoa aurkitu nuen, kopa pare bat hartzea, ekitaldia hasi baino lehen. Beste DJ batzuk ikusten nituen edaten; horietako batzuk hamar urte eginak zituzten horrela».

2016. urtean 26 urteko zelarik, guztia bertan behera uztea erabakitzen du. «Hasieran den-dena eman nahi nuen, hegazkin batetik salto egiten duzuneko adrenalina hori guztia sentitu nahi nuen. Ez neukan orduan inolako atsedenik, asteren bat bakarrik noizean behin. Lau urte pasa ostean, etxera itzultzen nintzenean, ez nuen nirea sentitzen. Dena gehiegizko bihurtu zen eta dagoeneko ez nuen gustuko. Orduan pentsatu nuen: kaka zaharra, utzi egingo dut!».

Aurtengo apirilaren 20an Oman hiriko hotel batean Aviciik bere buruaz beste egin zuen. Agiri batean haren familiak honako hau idatzi zuen: «Aviciik borrokatu zuen eta bizitzaren esanahiaz eta zorionaz egin zituen gogoetak... azkenean ezin izan zuen aurrera segi. Bakea aurkitu nahi zuen».

Levan Tsikurishvilik zuzendutako 'True Stories' dokumentalean Aviciiren ibilera kontatzen zaigu. Harrigarria da ikustea, nola benetan jota dagoen gazte batek ezin duen bere bizitzaren jabe izan. Haren inguruan eraiki den dirutza egiteko makina harrigarriak, ez omen du gelditze errazik. Behin eta berriz artistak dena uzteko borondatea argi uzten badu ere, inork ez omen du benetan sinistu nahi. Eszena batzuetan argi eta garbi agertzen da musikari honen etsipena, baina ingurukoen erantzuna beti «lasai hartzeko» eta «ez estresatzeko» izaten da.

Dokumentalak berak –haren heriotza gertatu baino lehenago aurkeztua– azken etekina lortzeko era bat dirudi. Galdetzeko modukoa da, batzuetan, nola lor zitezkeen bertan agertzen diren hain irudi latzak, artistaren gainbeheraren lekuko. Galdetzeko modukoa da, baita ere, bere azken erabaki hori, inguruan zituen hamaika putreri mozorroa kentzeko era bat ez ote den izan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos