https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arrakastan porrot

Pariseko Louvre Museoak 10 milioi ikusletik gora jasotzen ditu urtero. / JACQUES BRINON / AP
Pariseko Louvre Museoak 10 milioi ikusletik gora jasotzen ditu urtero. / JACQUES BRINON / AP

Masifikazioari aurre egiteko museo handienek dituzten zailtasunen aurrean, gehienek bisitari gehiago erakartzeko desafioari erantzun behar diote

MIKEL ONANDIA

Orain gutxiko argazki batean Everest mendiko tontorrerako azken bidea mendizalez beteta ikusi genuen, denak ilaran aurrera egin ezinik. Segituan Louvreko Giocondaren ohiko irudiak etorri zitzaizkidan burura, dozenaka pertsona koadro txikiaren inguruan, mugikorrarekin eta selfie-makilekin argazkiak eta autoerre- tra tuak eginez. Biak ala biak ditugu masifikazioa muturrera eramanez eragin ditzakeen ondorio larri eta tristeez diharduten imajinak.

Arrunt bihurtzen ari dira azkenaldian museo handietan aglomerazioak. Baina, egiaz, gutxi dira munduan halako arazoak dituzten museoak. Aitzitik, gehienak jendea erakartzeaz arduratuta bizi dira, asko eta asko hutsik aurkituko baititugu. Egoera batekoa ala bestekoa izan, artearen demokratizazioaren eta herritarren hezkuntzaren gaineko zeregina aintzat hartuta Ilustrazio garaian jaio ziren instituzioek beraien publikoaren gaineko gogoeta dute egun erronkarik handiena.

Datu gutxi batzuk errepasatzeak ideia bat egiten lagundu diezaguke. Pariseko Louvre Museoak 10 milioi ikusletik gora jasotzen ditu urtero. 5 eta 10 milioi artean mugitzen dira Txinako Museo Nazionala, New Yorkeko Metropolitan, Londresko National Gallery, British Museum eta Vatikanoko Museoa. Espainian, Madrileko Reina Sofiak ia 4 milioi pertsona hartzen ditu, eta Pradok 3,5 milioi. Bartzelonan, hurrenez hurren, Picasso museoak milioi bat, MNACek 800.000 eta Macbak 300.000. Bilbon, Guggenheim Museoak 1,2 milioi bisitari erakartzen ditu urtean, gehiengoak kanpotik datozenak, eta Arte Ederren Museoak 250.000 inguru bildu ohi ditu. Gasteizko Artiumek 96.000 bisita izan zituen iaz eta Getariako Cristóbal Balenciaga Museoak 52.000. 130.000 pertsona heltzen dira Donostiako San Telmora, erdia baino gehiago atzerritarrak.

Maiatzaren 27an Louvreko aretoetako zaindariek ateak 
itxi egin behar izan zituztenMuseoek plazer estetiko eta intelektualaren babes eta erresistentzia gune izan behar dute

Museo ospetsuenek aurrekontu handiak izan ohi dituzte, mundu mailan ezagunak diren funtsak, audientzia masibo batekiko programazioa, eta sarri arkitektura ikusgarri bat ere bai. Globalizazioaren eta Interneten garaian, turismo kulturalaren puzte betean, gune eta une zehatz batzuetan arazoak izaten dituzte beraien funtzioa aurrera eramateko, masifikazioari ihes egin ezinda, eta zenbaitetan egoera jasangaitza ere bihur daiteke. Maiatzaren 27an Louvreko aretoetako zaindariek, publiko gehiegikoari aurre egiteko zailtasunak zirela eta, ateak itxi egin behar izan zituzten. Halako egoeren aurrean, museo handietako arduradunak neurriak hartzen hasi dira. Florentziako Uffizi Galeriak, kasu, urtean 3,5 milioi inguru bisitari jasotzen ditu, eta, bisitarien ilara amaigabeak ekiditeko, hauen jokabidearen gaineko datu base erraldoietan oinarritzen den algoritmo bat darabil, eta itxarote amaiezinei bukaera eman die horrela.

Ilara luzeak

Maisulan popularrenen inguruko bisitarien fluxua gestionatzea da problema nagusietako bat gaur egun. 2016an Prado Museoak Boscori eskainitako mostra bikaina esperientzia eskasa izan zen askorentzat; ilara luzeak sufritu eta, behin barruan, hurbiltasun handia eta lasaitasuna behar duten margolanen aurrean, jende andana bata besteari bultzaka. Hiru hilabetean, ia 600.000 pertsona pasatu ziren holandarraren maisulanak ikustera. Halako estutasunak saihesteko, erakusketa ospetsuetan, areto- etan sartu daitekeen jende kopurua murriztu (70 pertsona gehienez 15 minututik behin) eta talde-bisitak laburtu dituzte, erreserbak Internet bidez gestionatzen direlarik, beti ere bisitaren kalitatea lehenetsiz. Era berean, beste ia guztietan ez bezala, Pradoko erakusketa aretoetan argazkiak ateratzea debekatuta dago. Polemika sortu arren, instituzioko zuzendaritzan irmo eutsi diote erabakiari, lehentasuna bisitariaren eta artelanaren arteko esperientzia pertsonala dela eta piezen kalitatezko irudiak web orrian aurki daitezkeela argudiatuz.

Bestetik, badira museo txikiagoak, bere testuinguruaren eta publiko ezberdinen arabera gogoeta eta ikuspegi kritiko batetik gauzatu programazioa garatzen dutenak. Eta horiek, artearen sisteman zuzenean eragin duen krisi ekonomiko eta sozial handi baten osteko ikuskizunaren aroan, errentagarritasun logikaren arabera instituzio publikoetatik azpiegitura handiei lehentasuna ematen zaienean, oro har, zailtasunak dituzte jendea erakartzeko. Eta hain justu bisitariak dira gakoa.

Izan ere, publikoa baino, publikoak existitzen dira, bisitariak bezainbeste, eta horregatik ezin dira museo batera hurbiltzen diren pertsonak talde homogeneo bakarra bailiran ulertu. Aitzitik, museoek modu zabalean ulertu behar lituzkete bisitari potentzialak: bertakoak eta kanpokoak, lehen bisita bat egiten dutenak eta sarritan hurbiltzen direnak, guztiek ere interes orotarikoak agertuko dituztenak. Hala, museoek instituzio malguagoak izatera iritsi behar dute ezinbestean, errelatu finkoetatik ihesi, gizartearen aniztasunean arreta jarri eta dogmatismo instituzionala saihestuz, alegia, beraien bildumak eta erakusketak, iraganeko edo gaurkoak izan, gizarte garaikidearengana bideratu.

Eskaintza zabala

Inguruko sortzaileekin eta sistema artistikoaren agenteekin lankidetzan, nazioarteko sareetan barneratzea eta beraien funtsen errebisioa dira, egun, museoen erronka nagusiak. Zentzu horretan, bilduma iraunkorraren eta aldizkako erakusketen bereizketa zurruna difuminatzen joango dela dirudi. Museoetako arduradun asko konturatu da are eta zailagoa dela kalitatezko aldizkako erakusketa handiak antolatzea; gero eta eskaintza zabalagoa dago, eta ikerketen ondorioak agertzea ez da erraza, museo askok gero eta gutxiagoetan uzten dizkietelako beren lanak beste museoei. Hori dela eta, aldi berean aldizkako erakusketen programaren zehaztapena lagunduko duen bildumen irakurketa eta ibilbide berriak definitzen dira, eta diziplinartekotasuna (performatiboak, musikarekin) bezala jendearen interesekoak izan daitezkeen ikuspegi anitzak bilatzen (feminismoa, neokolonialismoa, umeentzako bisita bereziak, etab).

Halaber, ezin neurtu daiteke museo baten arrakasta bisitari kopuruaren arabera, baizik eta bildumen, erakusketen eta programazioaren kalitatearen eta bisitarien eskakizun eta beharrei erantzuten dieten heinean. Era berean, kontuz izan behar da aipatutako arazoei –aglomerazioak museo batzuetan eta beste askoren publiko falta– aurre egiteko neurriek ez dutela museoaren egiazko funtzioa aldarazi behar; eta hori da, ikuspegi akademiko eta zientifiko batetik, artearen kontserbazioa, ikerketa eta erakusketa kalitatezkoak gauzatzea.

Abiaduraren, ikuskizunaren eta entretenimenduaren garaian, arteak eskatzen duen patxada eta gogoeta arriskuan delarik, museoek plazer estetiko eta intelektualaren babes eta erresistentzia gune izan behar dute. Borroka hau, baina, ezin daiteke alde bakarrekoa izan, eta instituzioen aldetik konpromisoa agertzeaz bat, ezinbestekoa da humanitateek gure gizartean duten garrantziaz jabetzea eta hezkuntza sisteman arteak merezi duen lekua eskuratzea, museoak zerbitzu publiko esentzial gisa ulertuko dituzten herritar kritikoak izango baditugu.

Temas

Euskera