https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Armaginak, nazioarteko kirol eta balioen eredu ezinhobea

Armaginak, nazioarteko kirol eta balioen eredu ezinhobea
Fernando Gómez

Eibar Kirol Taldearen historian bi izan dira bere mugarri garrantzitsuenak: hemezortzi urte bigarren mailan iraun izana eta 2014. urtean lehen mailara igotzea

UNAI SARRIUGARTE

Eibar Kirol Elkartea 1940. urtean sortutako futbol kluba da. Bere ibilbidean erregional mailetan hasi zen eta 2014. urtean lehen mailara iritsi. Taldeak bere historian lortu izan dituen mugarri garrantzitsuenak hauexek dira: batetik, bigarren mailan egindako hemezortzi urteak (1988 eta 2006 artean, mailako errekorra); eta, bestetik, 2013-2014 denboraldian lehen mailara igo izana.

2014. urteko udan talde armaginak futbolaren historian ahaztezina bilakatu zen lorpen ikaragarria bereganatu zuen, lehenengo mailara igotzea. Urteurrena gertu zegoen hartan, hiria festa hutsa bihurtu zen. 2014. urteko ekainaren 7an, historian lehenengo aldiz Bigarren A Mailako txapeldun bilakatu zen, Deportivok Gironan jaso zuen porrotari esker.

Harrezkero SD Eibarrek Espainiako Lehen Mailan jokatzen dihardu. 2014. urtean taldeak une ekonomiko txarrak bizi izan zituen. Hori zela bide, kapitala zabaldu behar izan zuen futbol profesionalean jarraitu ahal izateko. Espainiar estatuko eta nazioarte mailako erantzuna ikaragarria izan zen. 69 herrialdetako 10.000 akziodun lortu zituen, klubaren irudia mundu osoan ezagutarazi zuen marketin-kanpaina berritzaile bati esker.

Eibarreko lehen taldeak Eibar udalerriko Ipurua zelaian jokatzen ditu partida ofizialak. Zelaiak 6.300 ikusleentzako edukiera aurkezten du. Entrenamenduak, berriz, Atxabalpeko instalazioetan egiten ditu, Arrasaten. Bestalde, Eibar Kirol Taldeak nesken taldea ere badu, bigarren maila nazionalean jokatzen duena. Eibarrek futbol eskola edukitzeaz gain, mutilen zazpi taldek eta nesken bi taldek osatzen dute harrobiaren egitura.

Kirol arrakastarekin batera kudeaketa ekonomikoan arrakasta itzela izan zuen klubak, pronostikoek esaten zutenari buelta emanez. SD Eibarrek bere kapitala zabaltzea lortu zuen eta legediak ezartzen zuen zifrara iritsi zen. Nork ez du gogoan 'Eibar-Defendatu' marketin kanpaina? Klubak hainbat herrialdetatik etorri ziren dohaintza txiki ugari jaso zituen, 1,9 milioi euroko zifrara iritsi eta eskatzen zitzaion kopurua gainditzea lortuz.

Aurtengoa talde armaginaren bosgarren denboraldia izan da lehenengo mailan. Egun taldeak ikusleak txunditzen jarraitzen du ematen ari den maila ikaragarriari esker. Taldeak erakusten duen kalitate eta inplikazioak eman behar lukeenaren oso gainetik dago. Klubaren aurrekontua oso eskasa da. Talde honen duintasuna, lana eta xumetasuna itzelak dira. Hauexek dira taldearen 79 urtetako historian zabaldu eta sustraitu dituzten balioak.

Denon gogoan, talde armaginak 2014. urteko uda hartan bizi izan zituen nondik-norakoak. Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritza ikasten nengoen bolada horretan. Nire klasean Eibarreko pertsona bat baino gehiago zegoen. Miresgarria zen nire ikaskide haiek igortzen zuten poztasun eta harrotasuna.

Gure klaseko zenbait pertsonak dirua ipini genuen eibartarrentzat amets bat zen proiektu hori ahalbidetzeko helburuarekin. Diru-laguntza txikia izan bazen ere, harea pikor askok bat egiten dutenean hondartza sortu egiten dela esan ohi da. Dohaintza txiki horiek nazioarte mailan kirol eta kalitatezko kudeaketa baten eredu den proiektua aurrera ateratzea posible egin zuten.