Sofia T. eta Tolstoiren heriotza
Ondarea ·
Sofiak idazlea miresten zuen gizona baino gehiago, eta erabateko babesa eskaini zion lanbide literarioanEzkondu aurretik, Tolstoik bere egunerokoak eman zizkion bere emaztea izango zen Sofia Bers-i, irakur zitzan eta bien artean sekreturik egon ez zedin. Kolpe latza izan zen Sofiarentzat Tosltoiren ezkon aurreko bizimodua ezagutzea. Besteak beste, seme-alaba bat izan zuela Yasnaia Polianako emakume nekazari batekin. Ezkondu eta gutxira, Sofiak jakin zuen emakume horrek euren etxean lanean jarraitzen zuela. Gauza jakina da Tolstoik hainbat abentura eta desleialtasun izan zituela. 'Deabrua' narrazio bikainean, esaterako, desioaren eta erruaren artean bizi den Irtenev aberatsaren gorabeherak kontatzen ditu, zeina ezkonduta egon arren, Stepanida nekazariarengana itzultzen den behin eta berriz, bere irrika lizunak arindu nahian. Tolstoi hil ostean publikatu zuten lana, bertan oso nabarmenak ziren aipamen autobiografikoengatik.
Ezin esan, hortaz, hasiera ona izan zutenik, eta, hortik aurrera harremanak okerrera egin zuen nabarmen. Baina Sofia emakume jantzia eta irakurzalea zen, eta senarraren idazkari eta kopiatzaile lanak egin ez ezik (diotenez, zazpi bider kopiatu omen zuen 'Gerra eta bakea'ren eskuizkribua), idazlea ere bazen, eta zenbait liburu idatzi zituen, bera hil eta ia mende batera kaleratu zirenak, Moskuko artxibo batean hamarkada luzez egon ondoren: bere egunerokoa (Alba argitaletxeak eguneroko horien aukeraketa bat kaleratu zuen 2010ean), 'Nire bizitza' izenburuko autobiografia bat edota 'Zeinen errua da?' eta 'Hitzik gabeko erromantzak' eleberriak (Xordica argitaletxeak kaleratuak).
Azken hori bere senarraren 'Sonata Kreutzerri' eleberriari emandako erantzun gisa idatzi zuen, non Tolstoik gogor kritikatzen baitzuen ezkon-bizitza, baita, bide batez, emazteak Taneiev konpositorearekin izandako harreman berezia ere. Horiek guztiak eta nozitutako zeloak gupidagabe disekzionatu zituen Lev-ek fikzioaren bidez, horretarako alegiazko izen-abizenak asmatuz. Sofia ez zen besoak gurutze geratu, eta bere eleberriko Sasha-n proiektatu zituen bere bizipen mingotsak. Mendelssohnen pieza batetik izenburua hartzen duen eleberri horretan (Tolstoik erabilitako Beethovenen piezaren ifrentzu gisa), Sashak senarrarekiko dituen gaizki-ulertze gero eta handiagoak islatzen dira, baita bere seme gazteenaren heriotza tragikoak eragindako etsipena ere. Gertakari horiek mundua erabat arbuiatzera eraman zuten Sofia, eta Tolstoik bihozgabetasun handiz jokatu omen zuen egoera horren aurrean. Eta fikziozko Sashak ere kontsolamendua aurkitzen du pianista eta konpositore baten musikan.
Bien arteko harremana are gehiago ozpintzen joan zen Tolstoik bere krisi espirituala jasan ostean. Krisi horren ostean, Tolstoi guru moduko bat bihurtu zen, eta jarraitzaile ugari etortzen ziren Yasnaia Polianako beren lursailera, tartean Txertkov, jarraitzailerik sutsuenetakoa, Sofiak erdeinatu egiten zuena, bere senarra manipulatzen zuelakoan. Jay Parinik 'The Last Station' liburua eskaini zion senar-emazteen azken une horiei eta liskarrei. Michael Hoffman zuzendariak zinemara egokitu zuen liburua, eta Christopher Plummerrek eta Helen Mirrenek antzeztu zituzten rol nagusiak.
Tolstoik etxetik alde egin zuen bake bila eta heriotzarekin topo egin zuen
Badakigu Tolstoik etxetik alde egin zuela bake bila, etxeko giro itogarritik ihesi, eta bidaia horretan heriotzarekin topo egin zuela Astapovoko geltokian. Sofia senarra ikustera hurbildu zen, baina ez zioten hura ikusten utzi. Bueltaka ibiltzen zen senarra zegoen etxetxoaren inguruan, eta bagoietako batean lo egiten zuen. Senarra hil eta hurrengo egunean, larriki gaixotu zen, eta neuralgia batek luze eduki zuen ohean. Sofiak idazlea miresten zuen gizona baino gehiago, eta erabateko babesa eskaini zion lanbide literarioan (eta horrez gain, hamahiru semez-alabez erditu zen, nahiz eta horietako bost haur zirelarik hil). Are gehiago, emazteak biziki atsegin zuen senarraren idazle bizitzak berarekin zekarkien bizimodua: ospea, ekitaldi kulturalak, harreman sozialak… Sofiaren nahigaberako, krisia espiritualaren ostean, Tolstoi eduki moral edo erlijiosoko testuak idazteari lotu zitzaion, bere ikuskera berria zabaltzeko asmoz. Dizipuluak etxetik gero eta gehiago agertzen hasi zirenean, gero eta larrituagoa sentitu zen Sofia. Hala ere, nahiz eta maila pertsonalean harremana asko gaiztotu, bera izan zen senarraren ondarearen zaintzailerik handiena. Eskuizkribuak kopiatzen jarraitu zuen, haren lan berrien argitalpenaz arduratu zen, zentsuraren aurka borrokatu zuen (esaterako, 'Sonata Kreutzerri' eleberriari betoa ken ziezaioten, nahiz eta Sofiari berari lan hura gorrotagarria iruditu)... Labur esanda, hil arte zaindu eta zabaldu zuen senarraren ondarea.