https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Argimutila

Argimutila

Txekhov-ek oso ipuin dibertigarriak idatzi zituen

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Txekhov-ek oso ipuin dibertigarriak idatzi zituen: 'Arte lan bat' deritzona, besteak beste. Istorio horretan, gizon batek bere medikuari opari bat eramaten dio kontsultara. Pazienteak, erabat sendatuta eta esker onez, oso landua dagoen argimutil bat eskaintzen dio. Medikuari arte lana iruditzen zaio objektu hura, baina lizun samarra ere bai, gizon eta emakume biluziak irudikatzen dituelako. Saiatzen da errefusatzen, baina pazienteak ez dio uzten, eta gainera, aitortzen du argimutilaren bikote laguna topatu ez izana dela bere pena bakarra. Medikuak, aztoratuta, abokatu bati oparitzen dio, baina abokatuak azaltzen dio bere ama bisitan datorkiola maiz eta ez duela egokia ikusten bulegoan izateko. Hala eta guztiz ere, argimutilarekin geratzen da. Handik gutxira, abokatuak komiko bati eramaten dio, eta, azkenik, komikoak antigoaleko gauzak erosten dituen atso bati saltzen dio. Bi egunen buruan, pazienteak, pozaren pozaz, medikuarenera itzultzen da argimutilaren bikote laguna aurkitu duela esanez. Medikuak aho bete hortz gelditzen da.

Ipuin hori etorri zait burura Extremadurako trenak, behin eta berriro matxuratzen ziren horiek, Algeciras-Granada eta Algeciras-Madril lineatara eraman dituztela jakin dudanean. 598 modelokoak dira tren horiek, eta matxurez aparte, ez dute ezinduentzako maldarik. Tren horiek, Txekhov-en argimutilak bezalaxe, leku batean desagertzen dira bestean berragertzeko. Algeciras gugandik beste muturrean dago, baina RENFEk geure herrietan ere bai tren-garraioa kudeatzen du.

Txekhov 1904 urtean hil zen, tuberkulosiak jota, Alemanian zegoelarik. Bere gorpua San Petersburgora bidali zuten ostrak zeramatzan tren batean. Ez dago hain gaizki ostrarena, Makxim Gorkiri gisagabekeria iruditu zitzaion arren. 598 modeloko trenek atzerapena baino ez dakarte maiz. Batzuetan, Sustapen Ministerioak Txekhov baino ipuin gehiago duela dirudi, zeren eta ez da izango batere erraza hartzen dituen zenbait erabaki zuritzea imajinazio-ukitu barik. Agian, leku batetik bestera mugitu baino, hobeto izango litzateke trenak ere antigoaleko merkatu batean saldu, argimutilekin batera.

Temas

Euskera