Paseoan zoaz eta ustekabean edo propio egiten duzu topo brokante esaten zaion azoka batekin. Hondarribian hilero antolatzen dira horrelakoak. Bada hasten zara ikusmiran bertako saltokietan eta berehala egiaztatuko duzu zuretzat, haurtzaro osoan eta haratago arruntak ziren gauzak bitxi gisa daudela salgai, zaharki gisa.
Publicidad
Zure ohe ondoan gelako argia pizteko zenuen gailua, sarritan erabiltzen zenuen kafe errota, zuri modernitatearen ikur iruditzen zitzaizun mahai gaineko telefonoa, zure gelako armairutik atera berriak diruditen burdineriak, txikitan irakurtzen zenituen liburu horituak, hainbeste poza eragin zizun idazmakina eramangarria, sukaldeko suaren gainean berotzen zen lisaburdina...
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan duela gutxi. Era horretako saltoki batean, balizko erosle gisa, amona izan zitekeen emakumea bere biloba izan zitekeen sei/zazpi urtetako neskatoarekin, mahai gaineko telefono gorri baten aurrean. Emakumeak galdetzen dio ba ote dakien zer den gailu hori eta neskak baietz, telefono bat zela. Ondoren emakumeak galdetzen dio ba ote dakien nola erabili telefono hura eta neskak eskua zenbakiak markatzeko zirkulura hurbiltzen du eskuina. Zalantza txiki bat gaindituz, neskak sartzen du eskuineko behatz erakuslea zirkuluaren barruan dagoen zirkulutxo batean eta bertan uzten du, uste du aski dela ukimenarekin. Ez zaio bururatzen zirkulua mugitu behar duenik.
Ez zen horrelakorik gertatu baina gerta zitekeen neskak sakelan zeraman telefono mugikorra atera eta bertan amonak egindako erantzunaren bila hastea. Inolako antzik ez bi telefonoen artean. Baina ez zen hori gertatu, amona izan zitekeenak erakutsi zion neskatoari zirkulua mugiarazten.
Zure haurtzaro osoa bitxikeria da gaur egun, gauzak, sentikizunak, ohiturak, janzkerak … Zu zeu zara museo batetan erakutsia izan daitekeen zerbait.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión