Emakundek zabaldu zuen 'Beldur barik' kanpaina duela urte gutxi. Adierazi nahi zuen emakumeok beldur barik bizi nahi dugula, eskubide hori dugula, batez ere une askotan beldurraz bizi garelako. Emakume guztiok, zahar eta gazte, eder nahiz itsusi, beldur zehatz batekin bizi gara kalean, askotan etxean. Gizonezkoentzat ezezaguna den beldur mota bat egunerokoa da emakumeontzat.
Publicidad
Eta bai, beldur hori ez sentitzea da 'Beldur barik' leloaren helburua, hori dago zerumugan eta harantz goaz. Gaurko emakume askok haien amak edo amonak sekula egingo ez lukeena, sekula egin ez zuena egitera ausartzen dira, askotan ausardiaren premia izan gabe ere.
Beldurrez nagoenean, niri, ordea, ez zait gustatzen norbaitek esatea ez dudala beldurrik sentitu behar. Barkatu, sentitzen dut, orduan, zer egin beldur hori hor dagoen bitartean? Bada, egin nahi dudan hori beldur eta guzti egin. Beldurra ematen dit, baina egingo dut. Beldur guztiak ez dira menperaezinak.
Sarritan entzuten dugu agintari bat esaten zangoak beldurrez dardarka izan gabe egingo duela hau edo hura, edo dardarik gabe sinatuko duela sinatu beharrekoa. Beti pentsatzen dut zintzoago litzatekeela esatea zangoak dardarka baditut ere, agindutakoa egingo dut, dardarak eskua hartzen badit ere, esandakoa beteko dut.
Beldurra, berez, eboluzioaren ekarpena da, arriskuari aurre egiteko laguntza. Baina era askotako beldurrak daude eta asko eta asko ez zaigu sortzen hilzorian gaudenean, bizitza benetako arriskuan dagoenean. Beldur batzuk arriskurik ez dagoenean ere sumatzen ditugu, agian arrisku hori ez delako benetakoa edo, are gehiago, guk asmatua delako.
Publicidad
Zer nahi den, gutxi dira beldurra zer den ez dakitenak eta horiek ez dira ausartak. Beldurra menderatu eta aurrera egiten duena da adoretsua, beldurrari entzungor egin eta zerbaitetara ausartzen dena.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión