https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aran Saiz piano-jotzaile oñatiarrak 'Bidean' bere lehenengo lana kaleratu du

Musika klasikoa, jazza eta popa uztartzen dituen lan instrumentala da

UNAI SARRIUGARTE

Aran Saiz piano-jotzaile euskaldunak 'Bidean' bere lehenengo diskoa kaleratu du. Bertan Hasier Oleaga bilbotar bateria-jotzailea eta Joseba Loinaz piano-jotzailea izan ditu bidelagun. Kasu konkretu honetan, Loinaz baxu-jotzaile lanetan aritu da. Lan instrumental eta freskoa da hau, musika klasikoa, jazza eta popa uztartzen dituena.

Saizek bere ibilbidean jorratu duen formakuntza hirukoitza: klasikoa, jazza eta popa oinarri hartuta, publikoarentzat erakargarriak diren soinu hotsak osatzen ahalegindu da oñatiarra, kantuetan erritmo ezberdinak nahasiz. Parametro hori jarraitzen dute bere lan berri honen zortzi abestiek.

Disko berri hau bere ibilbidean jorratu dituen musika estilo ezberdinen uztarketaren emaitza da. Saizek nabarmendu duenez: «oso estilo ezberdinetako musika entzun izan dut beti, klasikotik Keith Jarret edo Nora Jonesera, pop kutsu gehiago duen Jamie Cullum ere oso gustuko dut».

Euskal Herrian zuzeneko bi musika emanaldi eskainiko ditu Aran Saizek uztailean. Lehendabizikoa bere udalerrian, Oñatin, emango du, uztailaren 10ean Lazarragako parkean. Bigarrena, berriz, uztailaren 20an, egingo du Gasteizko jazz jaialdiaren egitarauaren barnean.

Ibilbide nabarmeneko musikaria da Aran Saiz oñatiarra. Piano-jotzaile gisa hezkuntza klasikoko ikasketak jaso izan ondoren, Bartzelonako Taller de Music-en jazzean trebatu eta proiektu ezberdinetan hartu izan du esku, piano-laguntzaile lanetan. Bartzelonan sei urte luze eman zituen. Avishai Cohen kontrabaxu-jole eta konpositore israeldarraren melodiek motibatu dute bakarlari gisa bere lehenengo lana kaleratzera.