https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako sinboloak: babazorroetatik harago

Virginia López de Maturana eta Santiago de Pablo./
Virginia López de Maturana eta Santiago de Pablo.

Santiago de Pablok eta Virginia López de Maturanak Arabako sinbolo, mito eta oroimen-lekuen bilduma ondu dute

JOXEME LÓPEZ DE ARANA

Ikerketa askoren banakako egileak izateaz gain, Santiago De Pablo eta Virginia López de Maturana UPV/EHUko Historia Garaikideko irakasleak elkarrekin idatzi eta argitaratutako obra garrantzitsu batzuengatik dira ezagunak. Duela sei urte, esaterako, 'Diccionario ilustrado de símbolos del nacionalismo vasco' sona handiko lana plazaratu zuten; hurrengo urtean, 'La Diócesis de Vitoria: 150 años de historia, 1862-2012' eman zuten argitara; eta azkena, orain arte, 2016an, '100 símbolos vascos: Identidad, cultura, nacionalismo' obra interesgarria. Oraingoan, bide beretik eta fokua areago itxiz, 'Álava insólita. Símbolos, mitos y lugares de memoria' kaleratu berri dute Sancho el Sabio Fundazioaren sostenguarekin.

Historiografiaren ibilbidea, gaingiroki, Historia Handiko mugarrien azalpen eta interpretaziotik eguneroko bizimoduaren azterketetara pasatu zen garai batean; azken garaiotan, berriz, giza eta gizarte zientzietako txoko guztietan eragin duten 'Cultural Studies' direlakoen eraginez inondik ere, ukiezin, materiagabe edo immaterialak diren elementuak aztertzeari ekin diote historialariek, beren arloetan literatura-kritikariek eta bestek egin duten bezalaxe.

De Pablok eta López de Maturanak liburuko hitzaurrean adierazten duten gisa berean, azken hamarkadetan historiografian gertatutako biraketa kulturalistaren eragina izan da hori guztia; hau da, haien errealitate historikotik harago indar emozional handia duten eta gizarte bakoitzaren izaera itxuratzen laguntzen duten elementuak dira gaur eguneko azterbide jakin horren jomuga: identitateak, sinboloak, errepresentazioak, erritualak, oroimen-lekuak, mitoak eta abar. Frantzia eta Alemaniako kasuak aipatzen dituzte adibide nabarmenentzat, eta bide berean Espainian ere saio mugatuago batzuk egin direla gaineratu.

Arabako kasua

Egile bien aurreko idazlanek, esan bezala, aipatutako bide horiek eremu zabalagoetan jorratu eta gero, Arabako kasura aplikatu dute azterbidea. Ikerketa lan horretan atentzioa eman didan lehen kontua 'ezohiko' iturrien aniztasuna da. Gauza jakina da Sancho el Sabio Fundazioaren dokumentazio zentroa, gaur egun Betoñuko Atean kokatua, munduko garrantzitsuenetarikoa dela euskal gaiei dagokienez, eta bertako (zein beste toki askotako) dokumentu asko eta asko arakatu dituzte egileek: liburu, aldizkari eta egunkarietatik pegatina, kartel, argazki eta panfletoetara. Baina, gainera, sarrera asko eta askotan, webguneak, blogak eta ikus-entzunezkoak ere sarritan aipatzen dira. Gainera, beste biblioteka eta agiritegi batzuetan ere ibili dira Arabako balizko sinboloen atzetik.

Emaitza fisikoa liburu dotore bat da, couché paperez fabrikatua, koloretako irudi eta argazki ugariz hornitua… Nolabait esateko, ikerketa-lan batetik dibulgaziozko liburu baterako bidea hartuta, bere arloko salmenta ugarikoa izan nahi duenaren itxura batera egina.

Liburuak 138 sarrera ditu, gehienak aski laburrak, orrialde bat eta hiru bitartekoak; eta zazpi ataletan banatuta dago (itzulpenak, nireak): 'Jaiak, ikonoak eta herri tradizioak', 'Historia luze bat: Foruen arrastoan', 'Lurraldeko mugarriak', 'Pertsonaia historikoak', 'Itzala utzi zuten pertsonaiak', 'Gerra Zibiletik demokraziara' eta 'Tradizioaren eta modernitatearen artean'.

Atalotan Araba markatu duten era guztietako sinboloak aurki daitezke, hitzaren zentzurik zabalenean, zein bere azalpen argigarriarekin eta irudi ilustratzaileren batez lagunduta. Alde batetik, berezko sinboloak, noski: Arabako eta Gasteizko armarri eta banderak, Andre Maria Zuria, Estibalizko Ama Birjina, Olarizu, arabar patata, Fournier…

Bestetik, arabar gehienek kale-izendegiaren bitartez baino ezagutzen ez dituzten pertsonaiak: Herrandarrak, Canciller Ayala, Francisco de Vitoria, Justo Antonio de Olaguibel, Felix Maria Samaniego, General Alava, Prudencio Maria Verastegui, Ramon Ortiz de Zarate, Manuel Iradier, Mateo Benigno de Moraza, Eduardo Dato eta beste asko.

Beste alde batetik, arrazoiren batengatik garrantzitsuak izan diren arabar tokiak, mugarriak: Gorbeia mendia, Santa Maria katedrala, Gebarako gaztelua, Egilazeko trikuharria, Iruña-Veleia, Mairulegorretako kobazuloak, Armentia, Trebiño eta abar.

Gertakari historikoak ere ez dira falta, hala nola «Voluntaria Entrega» delakoa, Gasteizko gudua, Legutioko gudua, Martxoaren 3a…

Eztabaida

Egileek hitzaurrean onartzen duten legez, identitateak ia inoiz ez dira itxiak, eta askotan borroka nabarmenean azaltzen dira. Hala ere, diotenez, Arabaren kasuan ez dute ahalegin handirik egin behar izan Lurralde Historikoan agertutako askotariko ideologien arteko oreka bilatzeko. Hala izango da, beharbada, aspaldidanik idatzitako historiari dagokionez (ezarritako ideologian goxo ibiltzen direnak izan ohi dira historikoki ezbai eta eztabaidarik sumatzen ez dutenak). Alde horretatik, kale-izenen adibidera itzulita, garaian garaiko ideologiaren arabera, kaleen izenak erabaki dituztenek nolabaiteko historia edo kontaera jakin bat ezarri dute, dagoeneko inor gutxiri harrigarri gertatzen ez zaiona (aldiz, esate baterako, nik dakidala, inguruotan inon ez dago Charles Darwin izeneko kalerik).

Arazoa sortu eta biziagotu egiten da, noski, denboran hurbilago gatozen neurrian. Oraindik bizirik gauden herritarrok bertatik bertara ezagutu ditugun sinbolo, pertsona, toki eta gertaera guztiak nekez dira partekatuak eta adostuak.

Alde horretatik, 'Tradizioaren eta modernitatearen artean' azken atalerako aukeratu direnak ez dira guztien gustukoak izango (ezta literalki ere, beharbada: arabar patata, Arabar Errioxako ardoa, Vasquitos y Nesquitas, pintxo-potea…), ideologiak ideologia; hor daude, esaterako, 'Círculo Vitoriano' delakoa, Araba euskaraz, FesTVal telebista jaialdia, Azkena Rock eta beste. Ikuspegi horretatik, gustuko ez dugunari entzungor egin diezaiokegu. Faltan sumatu duguna, ordea, ezin erantsi.

Temas

Upv, Euskera
 

Fotos

Vídeos