https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako kultura-sektoreko kideei laguntzeko KulturAraba Bulegoa ireki dute

KulturAraba Bulegoko langileak, atzo, inaugurazioan./Arabapress
KulturAraba Bulegoko langileak, atzo, inaugurazioan. / Arabapress

Bulegoa Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalean kokatuta dago

PAUL PICADO

Arabako kultura-sektoreko kideei laguntzeko eta aholku emateko bulego berria ireki dute Gasteizen, KulturAraba hain zuzen ere. Bulego honen helburua kultura-proiektuak sortzean eta garatzean sortzen diren beharrei erantzutea da. Horrela, kultura-elkarteei eta langile autonomoei informazioa emateaz gain, jarduerak garatzen lagundu ere egingo zaie.

Berez, Arabako eta Trebiñuko kultura-sektorean lan egiten duten erakunde eta elkarteei informazioa eta laguntza emateko bulegoa da. Horrez gain, informazio-beharrei erantzuteko eta kultura-sektorea eta sektore sortzailea finkatzen eta modernizatzen laguntzeko ere bada.

Besteak beste, kultura-enpresa eta enpresa sortzaileentzat, sektoreko langile autonomoentzat, kultura arloko elkarte eta erakundeentzat, kultura-proiektuak edo -ekimenak abian jarri nahi dituzten, edo jadanik abian jarrita dituzten pertsonentzat eta kulturarekin zerikusia duten arloko ikasle eta ikertzaileentzat zuzenduta dago.

KulturAraba Bulegora joaten denak hauei buruzko informazioa eska dezake: bekak, prestakuntza, diru-laguntzak, deialdiak, baliabideak eta abar. Bestalde, beren eguneroko jardueran eta kultura-proiektuak garatzen laguntzen die sektoreko eragileei, tresnak emanez, eta ikasteko baliabideak eskura jarriz. Azkenik, topaketak antolatzeko eremua eskaintzen du, Arabako kultura eta sormenaren sektoreko eragileek euren artean sare bat sor dezaten.

Modu askotara jo daiteke KulturAraba Bulegora: batetik, zuzenean, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kaleko 5. zenbakira joanez, asteartetik ostegunera, 10:00etatik 14:00etara, edo asteazkenetan, 16:00etatik 19:00etara; bestetik, kulturaraba@araba.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Gizarte-sareak ere erabil daitezke, #kulturaraba traola erabiliz, edo telefonoz jar daiteke harremanetan, zenbaki honetara deituz: 945 18 18 18 (luzapena: 52990).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos