https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako kuadrillak eta udalak hondakin organikoen bilketari ekingo diote

Arabako kuadrillak eta udalak hondakin organikoen bilketari ekingo diote

Ingurumen eta Hirigintza Sailak laguntzak eman dizkie Kanpezu – Arabako Mendialdea, Añana, Arabako Lautada, Aiara eta Guardia - Arabako Errioxa kuadrillei eta Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia eta Legutio udalei

I.AGOTE

Arabako Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak onartu du laguntzak ematea kuadrillei eta udalei lurraldean hondakin organikoen bilketa ezartzeko. Lehen deialdi honetan, 125.000 euro banatu dira Kanpezu – Arabako Mendialdea, Añana, Arabako Lautada, Aiara eta Guardia - Arabako Errioxa kuadrillentzat eta Zigoitia, Arratzua-Ubarrundia eta Legutio udalentzat.

Hondakin mota horren bilketa –nagusiki janari eta lorezaintza hondarrena–Arabako Lurralde Historiko osora zabaltzeko eman dira foru laguntza hauek, aurrez Ingurumen eta Hirigintza Sailak lan osatu bat eginda aztertzeko herri bakoitzerako zer bilketa sistema komeni den, beharrak aintzat hartuta. Kuadrillek eta udalek era aktiboan hartu zuten parte azterlan hori egitean, eta interesa erakutsi zuten beren udalerrietan hiri hondakinen bilketa ezartzeko.

% 40, hondakin organikoak

Laguntza hauen xedea da lurralde osoan hondakin organikoen bilketa jasangarria egitea, azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, eta gogorarazi du ekonomia zirkularraren eredu on bat dela. Izan ere, egun errefusetara –edukiontzi grisera– botatzen ditugun hondakinen ia % 40 janari edo lorezaintza hondarrak dira, hots, gero birbalioztatzeko banatuta bildu litezkeenak.

Hala, Añanako Kuadrillak dirulaguntza inbertituko du bosgarren edukiontzia –edukiontzi marroia– ezartzeko Langraiz Okan eta horrelako zaborra asko sortzen duten lekuetan (supermerkatuak, jatetxeak, eskola jantokiak etab.) Jarduera horrekin batera, herritarren sentsibilizazio kanpaina bat egingo du. Orobat, konposta egiteko sistema komunitario bat ezarriko du Nuvillako kanpinean.

Kanpezu - Arabako Mendialdeko Kuadrillak udalerri guztietan konposta egiteko zona komunitario bat instalatzearen alde egin du. Guardia – Arabako Errioxako Kuadrillak ere konposta egiteko modu komunitario hori bultzatuko du Samaniegon, eta herritarrak sentsibilizatu eta informatzeko kanpainak egingo ditu hainbat herritan, hala nola Lapuebla de Labarcan eta Lantziegon. Halaber, makinak erosiko ditu konposgintza errazteko.

Aiarako Kuadrillak, bere aldetik, laguntzak baliatuko ditu, bosgarren edukintzia hedatzeko ez ezik, baita konposgintza komunitarioaren ikastaroak emateko ere gako diren lekuetan, Zabaleko zentroan eta zabor sortzaile handi direnetan. Azkenik, Arabako Lautadak inbertsioa egingo du hondakin berdeak –nagusiki inausketakoak eta lorezaintzakoak– bildu eta birrintzeko zonetan.

Udalei dagokienez, hiruk jaso dituzte laguntzak hondakin organikoak kudeatzeko: Zigoitia, zeinak konposgintza komunitarioa ezarriko duen Ondategin eta ikastetxean; Arratzua-Ubarrundia, zeinak edukiontzi marroia instalatuko duen sortzaile handi direnetan; eta Legutio, zeinak konposta egiteko zona bat instalatuko duen ikastolan, beste bi zona herrigunean eta norbanakoen etxeko konposgintza laguntzeko ekimenak udalerriko herrietan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos