Arabako Eskolartekoak bertsoz bustiko ditu bazter guztiak
14 urtetik beherakoen topaketak ospatuko dira maiatzean eta finala ekainaren 17an izango da
Leire Larrazabal
Lunes, 8 de mayo 2023
Maiatzean ospatuko da ikastetxe eta bertso-eskoletan Arabako haur eta gaztetxoen aurtengo Eskolartekoa. Horrela, hil honetan izango dira 14 urtetik beherakoen topaketak eta ekainaren 17an finala ospatuko dute.
14 urtetik beherako gaztetxoak gelan 2-5 lagun arteko talde txikitan lehenik inprobisatutako bertsoak idatziz ari dira dagoeneko lanean. Horrela, maiatzaren 12ra arte dute lau kopla edo bi bertso aurkezteko aukera. Hauexek dira lan hori egiteko dituzten gaiak: batetik, irla baten urtebete bakarrik egon zarete, komunikatzeko modurik gabe. Gaur itzuli zarete. Nolakoa izan da zuen abentura? Bigarrenik, marrazki bizidunak zarete, zein marrazki bizidun? Zergatik? Eta, azkenik, irakasleak/zuzendaritzakideak izango zarete. Nolakoa izango da zuen ikastetxea hemendik aurrera?
Eskualde bakoitzean topaketa bat burutuko da, lan aukeratuen egileek beraien bertsoak kantatzeko abagunea izango dute eta ikastetxe eta bertso eskoletako ikasleen bat-bateko erakustaldia izango da. Hona hemen zitak:
-
Gorbeialdea Maiatzak 19, 18.00etan, Aramaioko Kultur Etxean
-
Lautada Maiatzak 19, 18.00etan, Aguraingo Harresi Aretoan
-
Gasteiz Maiatzak 20, 11.00etan, Salburuako ekitaldi aretoan
-
Arabar Errioxa Maiatzak 21, 11.00etan, Bastida Ikastola ondoko kirolgunean
-
Aiaraldea Maiatzak 25, 18.00etan, Laudioko kasinoan
-
Mendialdea Ekainak 1, 18.00etan, Kanpezuko Kultur Etxean
-
Finala Ekainaren 17an finala ospatuko da, Murgian, 10.00etan hasita. Bertsozaletasuna txikitatik jorratu beharra dago eta gerora bertsolari handia izateko, aukera paregabea ekimen honetan parte hartzea.