https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Araba Euskarazerako gertu eta prest

Hainbat pertsona, aurtengo Araba Euskarazen./
Hainbat pertsona, aurtengo Araba Euskarazen.

Jaialdia ekainaren 16an izango bada ere, azarotik ekainera bitartean luzatuko den kultur ekimen sorta antolatzen ari dira Gasteizko Armentia ikastolan. Lurralde osora eramango dute ikastolen jaia 'Gertu' lelopean

AMALIA IBARGUTXI

Gasteizen egingo dute aurtengo Araba Euskaraz, Armentia ikastolak antolatuta, berezitasun batekin: «Jaialdia ekainaren 16an izango bada ere, azarotik ekainera antolatu nahi ditugu kultur ekimenak, Gasteizen eta baita Araba osoan ere, hau da, herrietan ere eraginez». Hala, egitaraua urte osora zabaltzeko apustua egin dute, Naroa Velasco eta Iratxe Valle ikasleek azaldu dutenez.

Armentiak Arabako Ikastolen Jaialdia 2006 urtean antolatu zuen azkenekoz eta ordutik «13 urte igaro direlako Araba Euskaraz antolatzeko gogotsu gaude», azaldu dute. 'Gertu' lelopean, «Gasteizko eragileengandik gertu, hiria euskalduntzeko gertu, Arabako herrietatik gertu, euskalgintzatik gertu, berdintasunerako gertu, emateko gertu eta finean… zoriontsu izateko gertu» daudela aldarrikatu nahi dute. «Hori izango da gure ikastolaren helburua etorkizunera begira. Hori adierazten du gure logoak; hori adierazi nahi dute geziek», esan du Liher Larrea ikastolako zuzendariak.

Armentia ikastolak 25 urte bete ditu eta 1.200 ikasle baino gehiago ditu. «Jaialdiarekin proiektua sendotzera goaz», adierazi dute bere oredezkariek. Hortaz aparte, Araban euskararentzako «urte biziki garrantzitsua» dela nabarmendu dute «Euskaraldia, Korrikaren bukaera eta Araba Euskararekin». «Aurtengo Araba Euskaraz ez da egun bateko jaian geratuko eta horregatik, zinema, antzerkia, musika… hamaika dira oraintxe labean ditugun ideiak, proiektuak eta hurrengo hilabeteetan ezagutaraziko ditugu».

Pozik agertu dira ikastolen arabar jaia antolatzearekin. «'Erein, erna eta hazi, gero fruitua eman...' Hori dio gure ikastolaren urteurreneko kantak. Ikastola heldutasunera iritsi da. Ateak eta leihoak irekitzeko garaia da, gu kanpora atera eta kanpotik aire berria barrura sartu dadin. Gertu egon nahi dugu, eta gertu gaude gertu egoteko».

 

Fotos

Vídeos