https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Dena prest Araba Euskaraz ospatzeko

Dena prest Araba Euskaraz ospatzeko

Arabako euskara jaialdiaren 38. edizioa Gasteizko Armentia Ikastolak antolatu du

UNAI SARRIUGARTE

Araba Euskaraz jaialdiaren 38. edizioa ospatuko da igandean Gasteizen. Aurtengo euskararen jaia Gasteizko Armentia Ikastolak antolatu du. Ekitaldia goizeko hamarretan hasi eta arratsaldeko zazpietan amaituko da. Bertan bisitariek hainbat ekitaldiz eta jardueraz gozatzeko aukera izango dute: kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak etab.

Festibala lau esparrutan zabalduta egongo da: Ikastola, Prado, Mineral eta Armentia guneetan. Goizeko hamarretan izango da aurtengo Araba Euskararen irekiera ekitaldia. Egun osoan Arabako Ikastola ezberdinen arteko erronkak egingo dira. Lehia hauek hezkuntza, abilezia, kirola, musika eta kultura uztartuko dute.

Ikastola txokoan ordu bietan herri bazkaria ospatuko da. Bestalde, Prado esparruan Kittu Txaranga eta pailazoak ikusteko parada izango dute bisitariek. Arratsaldeko 17:30etan, berriz, Oxabi erromeria taldeak kontzertua eskainiko du.

Mineral gunean egun osoan kontzertu ezberdinak egongo dira ikusgai: Osterabe, IONT edota Wood String taldea igoko dira oholtza gainera. Halaber, Armentia esparruan Joselu Anaiak erromeria, Ze Esatek! eta Skabidean and The Black Birds arituko dira. Azkenik, munduko musika ezberdinak egongo dira erakusgai bertan: Bolibiako dantzak, Colombiako musika, Afrikar dantzak, Samba, musika Saharauiarra, batukada, trikitrixa eta txalaparta besteak beste.

Euskararen aldeko jaiak hainbat enpresa eta erakunde publiko nahiz pribaturen laguntza jaso du: batetik, babesleak eta erakundeak: Vital Fundazioa, EITB, Euskaltel, Eroski Fundazioa, Osakidetza, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Gurutze Gorria; bestetik, laguntzaileak: Eusko Label, Coca Cola, Lumagorri, EDP Fundazioa, Kaiku, Laboral Kutxa, Baque, Elkar, Eroski Bidaiak, Araba Euskal Pilota Elkartea, Itsas Garapen Elkartea eta Gasca.

Aurtengo euskararen jaiaren leloak halaxe dio: «Erein, erna eta hazi, gero fruitua eman». Horixe dio Armentia Ikastolaren 25. urteurreneko abestiak. Izan ere, hazia duela 25 erein zuten ikastola sortu egin zutenean. Erna, kostata, baina hazi horrek ernetzea lortu zuen. 25 urteotan hazi hori, egun zuhaitza da, ederto hazi baita.

Harrezkero zuhaitza fruitua ematen hasia da, Ikastola heldutasunera iritsi baita. Egun ateak eta leihoak irekitzeko garaia da, kanpora atera eta kanpotik aire berria barrura sartu dadin. Gertu egon nahi dute. Gasteiztik gertu, gasteiztarrengandik gertu, gertu egotea izango da Ikastolaren helburua etorkizunera begira. Hori adierazi nahi du logoak; hori adierazi nahi dute geziek. Jendea gerturatzea.