https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Araba Ekinean-ek Eskola Enpresen Feriaren beste edizio bat antolatu du

Araba Ekinean-ek Eskola Enpresen Feriaren beste edizio bat antolatu du

LHko ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleihoa izatea zen ostegunean ospatutako ekimenaren helburua

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udaleko Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotziak, Nerea Melgosak, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordeak, Pilar García de Salazarrek eta BIC Arabako zuzendariak, David Monterok, inauguratu dute ostegun honetan Araba Ekinean-en Eskola Enpresen Feria tradizionalaren beste edizio bat. LHko ikasle arabarrek Ikasenpresa programaren barruan ikasturte honetan garatu dituzten enpresa-proiektu berrien erakusleihoa izatea da ekimenaren helburua.

Feria Andre Maria Zuriaren plazan instalatutako karpa batean egin da, eta iaz lortutako partaidetza errekorra berdindu da, Arabako LHko zortzi ikastetxetako ikasleek sortutako 36 proiektu eta negozio-idei berri aurkeztu baitituzte. Aurtengo Ferian berrikuntza garrantzitsu bat izan da: parte-hartzaileek zuzenean defendatu dituzte beren enpresa-ideiak bertaratuen aurrean, baita hiru onenak aukeratzeaz arduratzen den epaimahaiaren aurrean ere. Hautatutako proiektuak 'Zure ideiak balio du' lehiaketaren XIV. edizioan sortutako sari berezi berria lortzeko lehiatuko dira apirilaren 19an; etorkizuneko ekintzaileak bihur daitezkeen ikasle horien irudimena eta ahalegina saritu nahi da horren bidez.

Proposamenak 36 standetan erakutsi dira, eta ikastetxe hauetako ikasleek aurkeztu dituzte: Ciudad Jardín institutua, Eraiken, Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Egibide-Nieves Cano, Egibide-Arriaga, Egibide-Mendizorrotza eta Egibide-Molinuevo. Askotariko produktuak edo zerbitzuak plazaratu dituzte: hodi birziklatuz egindako lanparak, jantzien salmenta internetez, bizikletentzako argi bereziak, artisau gailetak, eguzki-erloju eramangarriak, abandonatutako animaliak hartzen dituzten adinekoentzako egoitzak, edo zailtasunak dituzten pertsonentzako kirola.

Ikasenpresa hezkuntza-programaren barruan, erdi eta goi mailako ikasleek enpresa bat sortzeko aukera dute, proiektua lantzeko prestakuntza eta tutoretza jasoz. Logotipoetatik edo marketin planetik hasita estrategiaraino garatzen dute ikasturtean zehar. Hartara, enpresaren mundua ikasgeletara hurbildu nahi da, eskola-komunitateak ekiteko duen ahalmena sustatuz. Metodologia guztiz praktikoa da, eta hezkuntza testuinguru berritzailea sorrarazten du. Enpresen Feriak garatutako lana erakusteko bide ematen die ikasleei, bai eta kontsumitzaileen aurrean ideia eta proiektuen egokitasuna probatzeko bide ere.

Proiektuak eta ideiak alderatzeko 'ring' bat

Lehenengoz, 'ring' baten antzeko agertokia jarri da ferian, parte-hartzaileek beren ideiak 'bataila' formatuan aurkez zitzaten, 'Zure ideiak balio du' lehiaketan sortu den kategoria berriaren finalera iristea lortzearren. Hain zuzen ere, epaimahaiak aukeratzen dituen hiru finalisten arteko batek Enpresen Feria sari berezia (300 euro) lor dezake apirilaren 19an Europa jauregian egitekoa den Ekin Day ekitaldian.

Araba Ekinean-en aurtengo edizioaren lehen jardueretako bat da Feria. Joan den urtarrilaren 29an aurkeztu zen edizio berria, 'Zure ideiak balio du' lehiaketaren XIV. edizioa abiaraziz —sari kopurua eta horien zenbatekoak handitu egin dira— eta www.alavaemprende.com web-orrian atal berria sortuta gainerako jarduerak kontsultatzeko, besteak beste, jardunaldi zentrala (Ekin Day) eta Ekin Breakfast izeneko topaketa formatu berria, hainbat sektoretan ekintzailetza sustatzeko eta lurraldeko ekintzaileak konektatzeko xedea duena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos