https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Europa Jauregiko aparkalekuak eskainiko zaizkie jauregiko biltzarrei, apiriletik aurrera

Europa Jauregiko aparkalekuak eskainiko zaizkie jauregiko biltzarrei, apiriletik aurrera

Garajeak 225 leku izango ditu, eta erreserbatutako bi esparru

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, iragarri duenez, TUVISAk kudeatuko du Europa jauregiko aparkalekua. Dagoeneko obrak amaituta daude. Gasteizko Udalak 323.260 euroko inbertsioa egin du biltzar-jauregiaren sotoko aparkalekua egokitzeko, eta apirilean irekitzea aurreikusita dago. Garajeak 225 leku izango ditu, eta erreserbatutako bi esparru. Batek –3.181 metro koadro– erabilera pribatuko 129 aparkaleku izango ditu. Besteak –2.310 metro koadro– 96 leku izango ditu, eta hasiera batean horiek biltzar jardueretako pertsonentzat izango dira (leku hauek ez dira txandakakoak izango). Horretaz gain, bizikletentzat gordetako eremua ere izango da.

Tokiko Gobernu Batzarrak Europa jauregiaren lurpeko aparkalekua TUVISAk kudeatzea onetsi du. Hurrengo pausua prezioak onestea izango da. Europako biltzar-jardueretan izena ematen dutenek aplikazio baten bidez gorde ahalko dute leku bat.

Urtaranen gobernuak joan den urtean ekin zion aparkalekuen plan bati, Gasteizko aparkaleku publikoak errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, eta ingurumena gehiago errespetatu dezaten. Ekimen hau plan horren baitakoa da. Aparkalekuen plan integral honek «TUVISAren aldaketa sakona sustatzeko asmoa izan du, eta udalaren garraio sozietatea mugikortasunerako agentzia integrala bihurtzea, aparkalekuak kudeatu eta garraio publiko ezberdinak (autobusetatik BEIra) antolatuko dituena eta gero eta protagonismo handiagoa izango duena Udalaren ildo estrategikoetan, esaterako, bizikleta edo oinezkoen mugikortasunean eta mugikortasun elektrikoan», azaldu du alkateak.

Iragarri zen bezala, estrategia horren neurri nagusietako bat izango da TUVISAk udalaren aparkaleku guztiak kudeatzea, Santa Barbarakoa, autobus-geltokikoa eta Europa jauregikoa barne. Orain arte, hiri-garraioen enpresak Molinuevo, Zaldiaran, Artium, Iradier Arena eta Santa Barbarako azpiegiturak kudeatzen zituen. Aurrerantzean, Europakoa ere kudeatuko du TUVISAk.

Udal aparkalekuen plan berriaren helburua da azpiegitura horiek errentagarriagoak, modernoagoak eta erakargarriagoak bihurtzea. Hori lortzeko, Urtaranen gobernuak neurri zehatzak proposatu ditu, hiru jarduera-eremutan: azpiegiturak onik zaindu eta mantentzea, optimizatu eta berritzea, eta dinamizatu eta merkaturatzea.

Aparkatzeko lekuen merkaturatzeari eta dinamizazioari dagokienez, okupazio-ratioa handitzeko merkaturatze formula erakargarriak erabili dira. Prezio berriak joan den ekainean onetsi ziren. Hileko abonamenduak, eguneko alokairuak, alokairu berriak eta hainbat talderentzako deskontuak dituzten tarifak egongo dira. Alkateak gaur goizean emandako datuen arabera, neurri horiek izan dituzte emaitzak. Esaterako, 2017ko maiatzean Artiumeko aparkalekuan 145 leku libre zeuden. Urte amaieran, kopuru hori 124ra jaitsi da, eta hasi egin da 50 urterako lagapen-erregimeneko eta alokatutako plazen kopurua. Zaldiareneko aparkalekuan, 2017ko maiatzean 16 leku libre zeuden, urte amaieran, berriz, 9 bakarrik. Molinuevon, maiatzean 164 izatetik 157ra jaitsi dira urte amaieran leku libreak. Iradier Arenan ere nabarmena izan da bilakaera. 2017ko maiatzean 112 izatetik abenduan 80 izatera pasa dira.

Ontik zaindu eta mantentzeari dagokion jarduera-eremuan ere aurrerapen handiak izan dira azken hilabeteetan. TUVISAk ia 200.000 euroko inbertsioa –194.000 euro baino gehiagokoa– egin du 2017an hainbat ekimenetan. Diru horrekin honako lanak egin dira besteak beste: kudeaketa sistema zentralizatua ezarri da; Artiumeko aparkalekuan tele-kontrola edo kamerak hobetu, eta argiteria optimizatu da; Iradier Arenako aparkalekuan, tele-kontrol sistema ezarri, seinaleztapena hobetu, larrialdietarako argiak ordeztu eta ur zikinen biltzailea aldatu da; Molinuevoko aparkalekuan uholdeak prebenitzeko lanak egin dira; Santa Barbarako aparkalekuan kudeaketa-sistema egokitu da.

Aparkalekuen planaren hirugarren ildoa berrikuntzei buruzko hobekuntzei dagokie. Horrekin lotuta, www.vitoria-gasteiz.org/TUVISA web orrian gune berezia sortu da, eta TUVISAk kudeatutako aparkalekuei buruzko berariazko informazio jasotzen da bertan. Web orriko atal berri honetan udalaren garraio enpresak kudeatzen dituen aparkalekuen ezaugarriak, prezio bereziak, abonamenduak eta bestelako agiri baliagarriak aurki daitezke – formularioak, ohiko galderak, planoak, merkaturatzaileen eskaintzak, aparkalekuen irudiak…–.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos