https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Apartekoa da

Bariku-zapatu honetan aparteko zerbait jazoko da Bilboko bazterretan. Errugbiaren berri dutenek badakite

Errugbi zale bat, Bilboko 'fan zone'-ean./Fernando Gómez
Errugbi zale bat, Bilboko 'fan zone'-ean. / Fernando Gómez
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Bariku-zapatu honetan aparteko zerbait jazoko da Bilboko bazterretan. Errugbiaren berri dutenek badakite. Talde mailako Europako bi final nagusiak San Mamesen jokatzeak ehun mila lagun inguru ekarriko ei ditu, aurreikuspenen arabera. Horrek, berez, bestelako giroa emango die hiriko kaleei, oso noizbehinkakoa. Kirol ikuskizun garrantzitsu orok ekar dezakeenaren antzekoa, neurri batean. Baina, aldi berean, baita arras bestelakoa ere. Ezaugarri ezin berezkoagoak dituen kirol bati dagozkionak, profesionalismo toxikoenak eta horren inguruko interes ekonomikoek kutsatu eta baldintzatu gabekoarenak.

Jatorritik ekin dio ezohiko bideetatik errugbiak. Erromantizismoarekin estuen lotutako kirolen artekoa da, oraindik. Eta horretan badago halako kontraste formal bat, estetikoa. Itxura zakarreko gizonkote talde bat kiroltasun samurrenaren ikur izateak eragindakoa, hain zuzen. Usteak inoizko ustelen egiten dituena. Denek aldarrikatzen dituztelako anaitasuna -edo ahizpatasuna, edo neba-arrebatasuna- eta halakoak, baina kirol gutxitan eramaten direlako bururaino, funts bihurtzeraino.

Ez dugu urrun joan beharrik horretaz jabetzeko. Sei Nazioetakoek eta munduko gainerako zaletu-talde jendetsu eta adituenek errugbia bizi eta ulertzeko duten jai giroko modu hori, aurkarien eta euren buruenganako begirunezkoa, aspalditxo dago berton errotuta. Hala, finalok ez dira kasualitatez etorri, kirol honekiko hainbat eragileren askotariko eta luzaroko konpromiso bati atxikita baizik. Errugbizale-gune txiki baina oso grinatsu eta praktikanteak dira hemengoak, eurenaren alde asko bider bi emandakoak.

Gernika Rugby Taldea izango da hurrengo denboraldian Bizkaiko ordezkari bakarra Ohorezko Mailan, Getxo jaitsi eta gero. Bilbon bertan, eta beste zenbait herritan, badira euren aukeren arabera ahalik eta puntakoen izateko isileko lanean dabiltzanak. Nolabaiteko komunitate bat osatzen dute, errugbiaren baloreen enbaxadore antzera diharduena. Horiei guztiei esker dakigu bi egunotako hau zein gertakari paregabea den. Euren partiduetan, hirugarren zatietan zein dituzten egoitza sozialetan bildutako jarraitzaleen artean ikusia dugulako zer den errugbia, zerk elikatzen duen, zenbateraino harrapatzen zaituen. Hor ikasten da kiroltasuna posible dela, zelaian zein kanpoan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos