https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Antzinako euskal musika Arriagako taula gainera

Emanaldia gaur bertan izango da./E. C.
Emanaldia gaur bertan izango da. / E. C.

Euskal Barrokensemble taldeak kontzertua emango du Bilboko antzokian, 'Basques' izenburuaren pean

AMALIA IBARGUTXI

Euskal musikaren arbaso zaharra. Hori izango litzateke Euskal Barrokensemble talde bizkaitarrak taularatzen dituen doinuen tokia musikaren zuhaitz genealogikoan. Antzinako euskal doinu eta letrei arnas emateko sortu zuen taldea Enrike Solinisek eta kide denak izango dira Arriaga Antzokian bihar, 'Basques' izenburuko emanaldiarekin. Saioa 20.00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude, 8,50 eta 24 euro bitartean.

Bilboko antzokiak jakinarazi duenez, «eraldatuz joan den eta emaitza gisa euskal musika kultura berriztatua sortu zuen musikan» jarri nahi dute arreta 'Basques' proposamenarekin. Azaldu dutenez, «bizirauteko, ezagutzeko eta konkistatzeko iturri berrien bila itsasoak zeharkatu zituzten eta urruneko leku haietan musika tradizio berria sortu zuten. Horrek euskaldunen zein beraiek ikusteko zuten modua ere aldatu zituen».

Zehazki, harreman horietan oinarrituta, «joan-etorriaren kontzeptua» irudikatzen duten abestien artetik, taldeak hogei inguru interpretatuko ditu, «euskal kulturari beste kolore bat eman ziotenak». Hain zuzen, «jende gehienak ezagutzen ez dituen arren, intentsitate osoz gozatzea merezi duten abestiak dira eta». Gainera, Donostiako Orfeoi Gazte eta Txikiaren kideetako batzuek parte hartuko dute kontzertuan.

Antzinako musikan espezializatutako talde famatuenetarikoekin lan egin eta gero (Hespirion XXI, Le Concert des Nations, Concerto Vocale, Le Concert d'Astrée), bi disko argitaratu eta antzerki eta jaialdi garrantzitsuenetan jotzeko aukera izan du taldeak, hala nola Viena Konzerthaus, Ludwigsburg Festival, Fontfroide Festival, Stockholm Early Music Festival, Spring Festival Prague, Auditorio Nacional de Madrid, Brujas Konzertgebouw, Regensburg Festival, Montreal Baroque eta Sevillako Festival de Música Antigua jaialdian.

 

Fotos

Vídeos