https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Antzerki eta dantza garaikideko hiru proiektu saritu dituzte: '7ak bat', 'MASA' eta 'Sayonara Baby'

Artistak Egoitzan programaren aurtengo edizioan saritutako bi dantza proiektu BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian aurkeztuko dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Artistak Egoitzan programaren aurtengo edizioan aukeratutako Bizkaiko antzerki eta dantza garaikideko konpainien proiektuak ezagutarazi dituzte. Hiru proposamen izan dira hautatuak, aurkeztutako 55 ekimenen artetik, denak Euskal Herrikoak edo euskal konpainiek sortutakoak. Atx Teatroak aurkeztutako '7ak bat', Isaak Erdoziaren 'MASA' eta Kanpai konpainairen 'Sayonara Baby' proiektua izan dira hautatuak.

Bilboko Udalak, BilbaoEszenaren, Bilboko Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez antolatzen du ekimena, eta proposamenak aukeratzeko ardura izan duen batzordea berauek eratu dute ere bai. Deialdiak jaso dituen 55 eskari horietatik, 10 izan dira euskarazko proiektua proposatzen dutenak.

Nekane Alonso Kultura Saileko zinegotzi eskuordetuak, Iñaki López de Aguileta Kultura zuzendariak, Justo Ezenarro Kultur Programazio zuzendariordeak eta Alicia Otxandategi BADeko zuzendariak osatzen duten Programazioaren Balorazio Batzordeak aukeratutako egitasmoek 4.000 euroko laguntza jasoko dute, eta sorkuntza egitasmoa edo ikerketa eszenikoa aurrera eraman ahal izate kolaguntza teknikoa jasotzeko aukera. Gainera, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdian aurkeztuko dituzte proiektuetako bi.

Urriko BAD jaialdian taularatuko dute, batetik, Abadiñoko Isaak Erdozia dantzari eta koreografoaren 'MASA', «gizonaren gorputzak duen karga sinbolikoa hartzen duen pieza eszenikoa, irudikapenerako eta imajinariorako bertan zentratuz, gorputz komuna eraikitzea proposatuz».

Aukeratutako bigarren proposamena ere dantza garaikideko proiektua da, Kanpai taldearen 'Sayonara Baby', hain zuzen. Natalia de Miguel & Jorge Jaureguiren piezan, Sayonara Baby jatetxe asiarra da, pertsonaia anitzak eta aldakorrak elkarrekintzan jarriko dituena egoera absurduen bueltan. «Galdutako arimak, inon lekurik ez dutenak, euren lekua aurkitzen ez duten pertsonak» ikusaraziko ditu Niko Hafkenscheid, Leo Zurfluh, Mikel Aristegi, Lucía Baskaran, Gabriel Punzo, Jorge Jauregui Allue eta Natalia de Miguelek osatzen dute taldea. «Lehentasuna, mugimenduaren bitartez ideiak, sentsazioak eta sentimenduak komunikatzea da, ikusleekin maila emozionalean konektatuz», adierazi dute.

Azkenik, Atx Teatroaren '7ak bat' antzezlan garaikiderako euskarazko proiektuaren alde egitea erabaki dute. Gizakia antzinatik kezkatu duen galdera baten inguruko obra da. Gaiztoa al da gizakia? Ona izan daiteke? Berezkoa da gaiztotasuna, edo hura sahiesteko biderik ba al da? Zazpi bekatu kapitaletan eta bekatuaren kontzeptuan oinarrituta, izaki berri bat biziberrituko dute protagonistek, ezkutukoari esanahiak ematen ahalegintzeko.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos