Antton Telleriaren 'Ninini' ikuskizuna Bartzelona eta Madrilera iritsiko da
Gasteiz, Donostia, Bilbo, Urruña eta Iruneatik igaro ostean, Club P62-n izango da azaroaren 23an eta Sala Clamoresen, azaroaren 30ean
Hilabete gutxi batzuk igaro dira Antton Telleria (Tolosa, 1993) aurkezle eta umoregileak 'Ninini' bakarrizketa berria estreinatuko zuela iragarri zuenetik. Hasierako iragarpen horretan jakin genuen Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egongo dela irailaren 27an (ostirala); Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, urriaren 4 eta 5ean (ostirala eta larunbata); Bilboko Campos Antzokian, urriaren 17an (osteguna); Urruñako Itsasmendi zineman, urriaren 18an (ostirala), eta Iruñeako Escuela de Teatron, urriaren 26an (larunbata).
Bada, sare sozialetan aurreratu duenez, «nazioarteko bira» ere egingo du, eta, aipatutako datez aparte, «Euskal Herriko mapa fisiko eta politikotik kanpo» eramango du emanaldi berria azaroan, zehazki Bartzelona eta Madrilera. Lehenengo hitzordua azaroaren 23an izango da Club P62 aretoan eta Espainiako hiriburukoa astebete beranduago, azaroaren 30ean Sala Clamores aretoan. Sarrerak jada eskuragai daude Telleriaren webgunean.
Azpimarratzekoa da 2021eko apirilean eskaini zuela Telleriak 'Nekatutak' bakarrizketako lehen emanaldia. Ordutik ia bi urtez 55 emanaldi baino gehiago eskaini ditu eta guztietan zuzentasunaren mugak sarri-sarri esploratu ditu eta gutxi izan dira jorratu gabe utzitako gaiak: psikologoak, ETA, Ertzaintza... eta ziurrenik polemika gehien piztu dutenak: irakasleak.
Dena den, maiatzean aurreratu zuenez bigarren honek «zerikusi gutxi» izango du. «Ikuskizun hau desberdina da. Konkretuki, okerragoa. Ninini egolatriari eginiko oda bat da». Halaber, ikuskizunaren arduradunek adierazi zuten Antton «biluztu» egingo dela. «Hitz egingo digu bere buruarekin duen harremanaz, bere izenaz, bere bikotekideaz, komikoa izateaz eta bertsolaria ez izateaz».