https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak irabazi du Basque Culinary World Price saria

Anthony Myint sukaldaria./ABC
Anthony Myint sukaldaria. / ABC

Garaikur honengatik Myintek 100.00 euroko diru-laguntza jasoko du

UNAI SARRIUGARTE

Anthony Myint sukaldari estatubatuarrak irabazi du Basque Culinary World Price saria. Myinten jatetxeak ikerketa eta tresna praktiko ezberdinak uztartuz klima aldaketaren erronkari aurre egitea bilatzen du. Hori dela bide, sukaldari estatubatuar honen jatetxeak sukaldaritzak ingurumenean duen inpaktua murrizteko neurriak eta konponbideak bilatzen dihardu.

Garaikur honen irabazlearen aurkezpen ekitaldia San Frantziskon (AEB) egin da. Bertan Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia eta Joan Roca sukaldaria egon dira.

Basque Culinary World Price sariarengatik Anthony Myintek 100.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Myintek burututako Zero Food print ekimenaren eta The Perennial Farming Initiative-ren bitartez, jatetxeen eta ingurumenaren arteko harremana ikertzen dihardu egun.

Proiektu honen bitartez, elikagaien enpresei karbono aztarna murrizteko aukera bideragarriak gomendatzen dizkie, baita karbono igorpenei dagokienez neutrala izateko moduak ere. Kalitate handiko nazioarteko hainbat jatetxe konbentzitu ditu iraunkortasunaren alde berak gidatzen duen mugimenduarekin bat egin dezaten, Noma (Danimarka) eta Benu (San Frantzisko) jatetxeak esaterako.

Aurten aipatutako The Perennial Farming Initiative egitasmoaren bitartez, Kaliforniako estatuarekin ere indarrak batu eta «Restore Kalifornia» programa jarri du abian. Programa horrek jatetxeen ingurumeneko aztarnaren gaineko informazio gardena ematen die hornitzaile eta kontsumitzaileei, eurek erabaki hobeak hartu ditzaten.

Basque Culinary World Prize saria munduan bakarra da. Eusko Jaurlaritzak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren esparruan abiarazitako garaikurra eta Basque Culinary Centerrekin, gastronomian liderra den erakunde akademikoarekin elkarlanean emandakoa. Sari honek ekimen eraldatzaileak gauzatzen dituzten chefen lana aitortzea du xede. Lan hau hainbat esparrutakoa izan daiteke: berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikadura industria eta gizarte edota ekonomiaren garapena besteak beste.

Aurtengo epaimahaia nazioartean ospetsu diren zenbait chef eta gastronomia adituk osatu dute: Joan Roca sukaldaria (El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiaren buru, eta, harekin batera beste pertsona ezagun hauek egon dira: Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Eneko Atxa (Azurmendi), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Yoshihiro Narisawa (Narisawa), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Enrique Olvera (Pujol), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Katina eta Kyle Connaughton (SingleThread), Tucker Taylor (Jackson Family Wines) eta Jock Zonfrillo (Orana), 2018ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.