Annemiek Van Vleutenen euskarazko mezua bere mekanikariari: «Gure botere isila, eskerrik asko!»
Giro Donnea irabazi berri duen txirrindulariak bere esker ona adierazi nahi izan dio Oier Casado abadiñarrari
Inork ez du zalantzan jartzen Annemiek Van Vleuten momentuko, eta zergatik ez esan, historiako txirrindularirik onena denik. Herberetarrak, (Wageningen-en jaio zen 1982an) bere laugarren Giro Donnea (emakumeen Giroa dena) eta seigarren itzuli handia irabazi zituen pasa den igandean, uztailaren 9an. Oso korrikalari gutxiren eskura dago berak egindakoa. Baina gaurkoan, txirrindularitzaz haratago doa Van Vleuten, eta euskaraz idatzitako mezu batek eraman du albiste izatera. Izan ere, esker oneko mezuak idatzita dituen elastikoak oparitu dizkie Movistar Team-eko taldekideei. Haien artean Oier Casado Kortabarria dagoelarik, Abadiñoko mekanikaria dena. Euskaraz idatzitako mezu baten bidez eskertu dio bere laguntza. «Oso harrituta geratu ginen bai ni eta baita gainontzeko taldekideak ere. Eta ez dakit nork lagundu zion idaztera, berak Google Traductor bidez idatzi duela dio, baina ez dakit. Dakidana da ez dagoela ortografia akatsik», adierazi du Oierrek berak.
Publicidad
Mezuan «Oier! Mekanikoa %100. Gure botere isila. Bizikleta guztiak beti ordena ezin hobean. Eskerrik asko!» irakur daiteke, Van Vleutenen eskuz idatzita dagoelarik. Abadiñarrak adierazi duenez, ohikoa omen da txirrindulariak lasterketa ezberdinetan erabilitako maillotak gordetzea eta ondoren taldekideen artean banatzea. Baina inoiz ez omen zuen euskaraz idatzitako ezer oparitu. «Tourra irabazi zuenean ere, berdina egin zuen. Oso detailezalea da bera, eta esker onekoa bere alboan gauden guztiokin, eta baita gainontzeko lasterkariekin ere», gaineratu du. Idatzi dituen mezu gehienak ingeleraz daude, nahiz eta badauden ere gaztelaniaz idatzitakoak.
Casadoren hitzetan, Van Vleuten «oso zintzoa» da, «ez du gerrarik ematen». Hori bai, dioenez antza, burugogorra ere bada, eta «zerbait buruan sartzen zaionean, hobe da bere albotik kendu eta bakarrik uztea», dio txantxa artean. Lasterketa osoan barrena izan omen da esker onekoa, behin bizikletatik jaitsi eta lan-taldearen kamioietara joaten baitzen agurtu eta eskerrak ematera.
Casadok bost urte daramatza Movistar taldearen parte izaten, baina ia hogeita hamar urte beteko ditu bizikleten mekaniko gisa. Adierazi duenez, normalean gizonen taldearekin aritzen da, baina urtero emakumeen taldearekin «bi edo hiru» lasterketa egitea gustatzen zaio, tartean itzuli handi bat egiten duelarik.
«Garrantzitsua da bizikleta eta auto guztiak garbi edukitzea, telebistan eta gainerako komunikabideetan itxura ona izan dezaten»
Oraingo hau bere ibilbidean irabazten duen lehenengo Giroa da. Beste behin, 2012an, bigarren amaitu zuen, gaur egun desagertuta dagoen Katusha taldearekin eta Joaquim 'Purito' Rodriguez txirrindulari ohiarekin. «Zoragarria izan da irabaztea, baina oso gogorra da benetan bertan lanean aritzea», gaineratu du.
Publicidad
EL CORREOri kontatu dionez, «edo gustoko duzu edo gorroto duzu» bertan egotea, eskatzen duen sakrifizio mailagatik. Ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 9an amaitu berri den Giro Donneak, aurtengoan 34 edizio burutu dituenak, uste baino esfortzu gehiago eskatzen die mekanikariei, eta baita gainontzeko taldikedeei ere. Lasterkariak ez dira protagonista bakarrak.
Etapak, gutxi gorabehera, goizeko hamaiketan hasten ziren, horrek esan nahi du Oier Casadoren antzeko langileak goizeko bostetan esnatu behar zirela gosaldu eta bizikleten zein autoen prestakuntzarekin hasteko. Gurpilak egoera onean jarri, dena garbi mantendu, autoak kargatu... Dena prest izan behar zuten irteera ordua izan orduko. «Askok uste dutenaz aparte, garrantzitsua da bizikleta eta auto guztiak garbi edukitzea, telebistan eta gainerako komunikabideetan itxura ona izan dezaten», azaldu du.
Publicidad
Lehen urratsak, Berrizko belodromoan
Lasterketa osoan zehar, txirrindularien atzetik joatea tokatzen zitzaien, matxuraren bat baldin badago laguntzeko, edota ura edo janaria behar badute ere, haiei erantzuteko. Eta behin etapa amaituta, dena batu behar zuten eta autoetara itzuli berriz. «Horrelakoak ziren gure egunak lasterketa horretan, denak. Nahiz eta esaten duten atseden egun bat dagoela, ez da egia. Txirrindulariek entrenatu egiten dute eta guk ondoren berriz ere dena garbi-garbi utzi behar dugu, eta puntu-puntuan, hurrengo egunean arazorik ez izateko», azaldu du Casadok.
«Txirrindularitzaren lehenengo mailan nago, eta etxean. Ezin dut gehiago eskatu»
Txikitatik dauka abadiñarrak txirrindularitzarako pasio hori piztuta bere barnean. Hasieran berak ere lasterketetan parte hartzen zuen, baina kadete mailara heltzean, bizitzak «beste aldera» pasatzera eraman zion. Mekanikoen aldera, alegia. Berrizko belodromoan eman zituen bere lehenengo urratsak. Urteak pasa ahala, bere kabuz ikasten jarraitu zuen eta aditu batean bilakatu zen ia konturatu gabe.
Publicidad
«Engantxatu egin nintzen», aitortu dio egunkari honi. Eta horrela, egun batean Caja Rural taldetik deitu ziotenera arte. Hamar urte eman zituen bertan, eta 2004. urtean profesionalen mailan zegoen jada. Ondoren Kaiku eta Katiusha taldeetatik pasa zen. Azken talde horrekin haatik, desagertze zorian zegoela, Israelera joateko eskaintza bat jaso zuen, eta joatekotan zen. Baina bat-batean, Movistarrek deitu zion, «eta ezin nuen ezetzik esan, beti izan da nire taldea. Txirrindularitzaren lehenengo mailan nago, eta etxean. Ezin dut gehiago eskatu», adierazi du, pozik, Oier Casado abadiñarrak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión