https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak Donostiako Zinema eta Giza Eskubideen jaialdiaren saria jasoko du

Annemarie Jacir./EFE
Annemarie Jacir. / EFE

2008. urtean, film bat zuzentzen zuen lehenengo emakume palestinarra bilakatu zen

UNAI SARRIUGARTE

Annemarie Jacir zinemagile palestinarrak Donostiako Zinema eta Giza Eskubide jaialdiaren saria jasoko du. Garaikurraren banaketa 17. edizioa betetzen duen jaialdiaren itxiera galan izango da, hau da, datorren apirilaren 12an. Giza Eskubideen jaialdia apirilaren 5etik eta 12ra bitartean ospatuko da Donostian.

Edizio honetan 32 herrialdetik heldutako 34 film labur eta horrenbeste luze proiektatuko dira. Era berean, 5 erakusketa eta beste zenbait jardueratan parte hartzeko abagunea egongo da. Fernando Bernues zuzendari donostiarraren 'Soinujolearen semea' filmak irekiko du 17. edizioa, apirilaren 5ean, Victoria Eugenia antzokian, eta Francois Ozon zinemagile frantsesaren 'Gracias a Dios' lanak apirilaren 12an itxiko du.

Lehen aipatu bezala, garaikurraren banaketa jaialdiaren itxiera galan izango da, datorren apirilaren 12an ospatuko den arratsaldeko jardunaldi batean. Era berean, zinemagile palestinarrak zuzendutako 'When I Saw You' filmaren inguruko mahai-inguru bat burutuko da. Izan ere, film honek Asiako film hoberenaren saria irabazi zuen Berlingo Zinema Jaialdian. 2012. urtean egindako film hau, Ekialde Hurbilean gertatuko Sei Eguneko Gerra du hizpide.

2008. urtean Annimarie Jacir film bat zuzentzen zuen lehenengo emakume palestinarra izan zen. 'La sal de este mar' izan zen zuzendu zuen lehenengo filma. Harrezkero, hainbat izan dira zuzendu dituen filmak. Hauen artean aipatu beharra dago 'Invitación de Boda' izeneko maisulana, nazioarteko 36 sari lortu dituena.

Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak zinemagile palestinarraren lan eta konpromisoa nabarmendu du: «Bere lanen bitartez zinemagintza sustatu egiten du Palestinan». Gainera, Palestina, Libano nahiz Jordaniako errefuxiatu eremuetan irakasle lanetan dihardu.