https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Angela de la Cruzen 'Homeless' erakusketa ikusteko azken egunak

Angela de la Cruzen 'Homeless' erakusketa ikusteko azken egunak
JORDI ALEMANY

Artista galiziarrak 2017ko Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala eskuratu zuen lan horrekin. Erakusketa urtarrilaren 20a bitarte bisitatu daiteke Azkuna Zentroan

AMALIA IBARGUTXI

Urtarrilaren 20a bitarte bisitatu daiteke Azkuna Zentroan ikusgai dagoen Angela de la Cruzen 'Homeless' erakusketa. 2017ko Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala eskuratu zuen lan horrekin artista galiziarrak. Hain zuzen ere, 1996. eta 2018. urteen artean egindako lanak biltzen ditu erakusketak, eta zenbait lotura egiten ditu garai desberdinetakoak diren artelanekin, ordena kronologikorik gabe. Carolina Grau da erakusketako komisarioa.

Erakusketaren izena, artistak osatu zuen lehenengo obretako bati dagokio. Geroztik, pintura ardatz, haren koadroek kalitate eskulturala bereganatu dute, pinturaren eta eskulturaren arteko mugak ezabatuz. Horregatik, erakusketan sumatu daiteke bi tekniken nahasketa. Guztira, artistak garai desberdinetan egindako 25 artelan inguru daude ikusgai.

Pintura eta eskultura, bata zein bestea erabiltzen du, adierazi nahi duenaren eta obra bakoitzak duen beharraren arabera. De la Cruzen obra «pinturaren mintzaira darabilen eskultura bat da, eta alderantziz. Pintura eta eskultura da», nabarmendu zuen erakusketaren aurkezpenean Grauk.

'Homeless' atzera begirako erakusketa modura sortu dute, artistaren ibilbideko funtsezko uneak irudikatzen dituena. De la Cruzen obran maiz agertzen dira gaurkotasunarekiko kezka, desparekotasun soziala, egoera politikoari kritikak, aldaketa klimatikoaren ondorioak eta gerren irudiak. Erakusketaren izenburuak, baita ere, kezka horiek ikusarazteko nahiari erantzuten dio. Izan ere, 'homeless' esaten zaie, ingelesez, etxerik gabeko pertsonei.

Inaugurazioan, De la Cruzek nabarmendu zuen, gainera, interesgarriak iruditzen zaizkion espazioetan baino ez dituela egiten erakusketak, eta Azkuna Zentroa espazio «demokratikoa eta, aldi berean, komunitarioa» delako hautatu zuela.

CGAC Galiziako Arte Garaikideko Zentroarekin batera ekoitzi dute erakusketa, eta urtarrilaren 20a eta gero, otsailaren 22tik maiatzaren 19ra arte, CGACren egoitzan izango da ikusgai.

 

Fotos

Vídeos