https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzaldia emango du ekainaren 14an

Andres Urrutia euskaltzainburua./Luis Ángel Gómez
Andres Urrutia euskaltzainburua. / Luis Ángel Gómez

Urrutiak 'Euskara, XXI. mendeko hizkuntza' izeneko mintzaldia eskainiko du Bilbon

UNAI SARRIUGARTE

Andres Urrutia euskaltzainburuak 'Euskara, XXI. mendeko hizkuntza' izeneko mintzaldia eskainiko du datorren ekainaren 14an Bilboko Merkataritza Ganberan. Hitzaldia 'Ganberako Ostiralak' zikloaren barruan dago.

Bilboko Merkataritza Ganberatik helarazi dutenez euskarak egun bizi dituen hainbat errealitate pentsaezinak ziren duela zenbait urte. Izan ere, baserri giroko gizarte batetik hiri gizarte batera igaro baikara. Hori dela bide, euskara gero eta erabiliagoa da esparru sozioekonomikoan.

Euskarak gorakada izugarria izan du irakaskuntzan eta kulturan. Oso erabilia da sektore berrietan, teknologia berriak euskaldunen hizkuntzarekin uztartu baitira. Merkataritza Ganberak nabarmendu duenez: «Faktore horiek guztiak euskararen zabalkunde sozialaren adierazgarri dira, baina, aldi berean, lan handia da euskaldunen hizkuntza belaunaldi berriei helaraztea, zeinetan ingelesa, gaztelania edo frantsesa bezalako hizkuntzak nagusi diren mundu globalizatu honetan».

Merkataritza erakundeak beharrezko ikusten du denon arteko elkarlana. Horrexegatik, Euskaltzaindiak rol honetan paper garrantzitsua joka dezakeela pentsatzen dute. Era berean, euskarak etorkizunean euskal gizartean komunikazio tresna gisa edota nortasun adierazle eta pizgarri ekonomiko bezala zer norabide hartuko duen aztertzeko euskararen akademia ezinbestekoa dela goraipatu dute.

Andres Urrutia Euskaltzaindiko burua da. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak burutu zituen, abokatu-ekonomista sailean. 1981. urtetik 1994. urtera bitartean notario lana burutu zuen eta egun Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Fakultateko irakaslea da. Gainera, Labayru ikastegiko kolaboratzailea ere bada.

1984tik 1988ra Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan zen. Arlo juridikoan, hainbat lan lexikografiko eta terminologikotan hartu du parte: 'Euskara legebidean', Gotzon Loberarekin batera, 'Euskara, zuzenbidearen hizkera' edota 'Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833–1877' lanetan.

Halaber, idazle gisa hainbat itzulpen egin ditu: Álvaro Cunqueiroren 'Hareazko erlojua', Tolkienen 'Silmarillion' edota 'James Joyceren Ostatua' itzuleratu izan ditu, eta bi narrazio liburu argitaratu: 'Orrialdeak' (Labayru,1992) eta 'Berbondo' (Labayru, 2004).

1997an euskaltzain oso izendatu zuten Alfonso Irigoien ordezkatuz. 2005eko urtarrilaren 27an, berriz, Euskaltzaindiaren buru hautatu zuten, Jean Haritxelhar ordezkatzeko. Hartara, akademiaren zazpigarren presidente bilakatu zen