https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Andrea Motis, Julian Lage, Paquito D'Rivera..., Getxoko Jazz jaialdiaran protagonistak

Andrea Motis, kontzertu batean./Juan Jesús García
Andrea Motis, kontzertu batean. / Juan Jesús García

Getxok jazz denboraldia jarriko du martxan uztailaren 3tik 7ra bitartean jazzaldiaren 43. ekitaldian

EL CORREO

Getxok jazz denboraldia jarriko du martxan uztailaren 3tik 7ra bitartean jazzaldiaren 43. ekitaldian. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengo saio nagusiak lehenengo aldiz izango dira Muxikebarrin, Getxoko arte, kultura eta kongresu zentroan, 21:00etan. Ordainezko kontzertuetan izen handiko artistak jardungo dira: Andrea Motis, Julian Lage, Kenny Barron, Madeleine Peyroux eta Paquito D'Rivera. Bertan, Talde Lehiaketako saioak ere izango dira eta, horiez gain, 'Hirugarren Milurtekoa' ataleko kontzertuak (Algortako Geltokia plaza; 19:00), jam sessions-ak (The Piper's Irish Pub, 00:00) eta bi goizeko saio hartuko ditu jazzaldiak. Guztira, 20 kontzertuz gozatzeko aukera izango dute zaleek aurtengo ekitaldian.

Andrea Motis tronpetista, saxofonista, kantari eta konposatzaile gazteak emango die hasiera saio nagusiei. Azken urteotan etorkizun handiko artista dela erakutsi du musikari gazteak, eta aipatu beharra dago bakarka egindako lehendabiziko lanari esker kritikariak eta ikus-entzuleak harritu zituela. Bigarren jardunaldian, beste musikari gazte bat jardungo da agertoki nagusian, Julian Lage kaliforniarra, alegia. Gitarrista birtuosoa, sonoritate apartak sortzeko gai dela erakutsi du.

Jaialdiaren erdialdean, jazz munduan erreferentzia bihurtutako pianista ariko da Getxon, eskarmentu handiko Kenny Barron estatubatuarra, hain zuzen. Bebopeko estilista hau ohituta dago erritmo berriak esploratzen, swingean dituen sustrai sakonak inoiz ahaztu gabe. Uztailaren 6an, Madeleine Peyrouxen txanda izango da; musikari hau gaur egungo kantaririk arrakastatsuenetariko bat da, jazza bestelako genero klasikoekin uztartzeko gai, betiere folk, pop edo funkari lotutako iturri garaikideagoetatik edaten duten kanta gogoangarrietan.

Lau banda

Azken egunean, uztailaren 7an, berriz, Paquito D'Rivera bikaina etorriko da Getxora, jazz latindarreko maisu handia eta Irakere talde mitikoaren sortzaileetariko bat da bera. Kasu honetan Getxora zazpikotearen formatuan iristen da, 'Cariberian' biraren barruan musikari talde bikain batek lagunduta, eta jazz latindarraren eremura eramango du konpositore handien musika, hala nola Falla, Rodrigo eta Albénizena, baina Portugaleko fadista handiak ahaztu gabe.

Hori nahikoa ez balitz, programari gehitu behar zaizkio, gainera, Taldeen Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak, Europako jazz gaztearen lana gerturatuko dituztenak. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuetan eskaintza anitza izango da eta baita proiektu gazteak ere. Aurten, gainera, kontzertua eta dantza-eskola izango da lehenengo aldiz jazzaldian (uztailaren 6an, Algortako Geltokia plazan, 12:00etan) eta Detectives Descalzos taldeak jam sessions-ak (Algortako The Piper's Irish Pub, 00:00etan) girotuko ditu. Horrekin batera, bertoko Stereosonik elkartea eta Musika Eskolarekin batera antolatutako 'Kristalezko kioskoa' (Muxikebarri, 12:00) ekimenaren saioa izango da.

Temas

Euskera