https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Andaluzialdia

Santiago Abascal eta Francisco Serrano, Andaluziako hauteskundeen emaitzak ospatzen./Efe
Santiago Abascal eta Francisco Serrano, Andaluziako hauteskundeen emaitzak ospatzen. / Efe
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Aurreko igandean, Euskaraldiaren amaierako ekitaldietan parte hartu genuen askok. Jai-giroa nagusitu zen geure herrietan. Egun ederra, eguraldia lagun. Hamaika egunez euskaraz hitz egitearen erronkari eutsi diogu. Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatu ziguten antolatzaileek eta txipa aldatzen saiatu gara nork ahal izan duen neurrian. Helburuen artean: Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea. Euskara egunero ezpainetara eramateko 'klik' bat baino ez zaigu falta askotan: txipa aldatu behar dugu; inertziak gainditu. Euskaraldiaren ariketa aberasgarria izan da, bere eraginkortasuna ikusteke dago, baina baikortasunarekin begiratu ahal diogu geure hizkuntzaren etorkizunari.

Horrelako igande berezi bat bizitzen ari ginen bitartean, penintsularen beste muturrean, Andaluziako hauteskundeak izaten ari ziren; hautesleek (gutxi) hautestontzietara jo zuten beren botoekin. Han ere, klik bat-edo egin dute, zeren eta lehen ezpainetara eramaten ez zena oraintxe azaleratu baita. 400.000 mila andaluziarrek ultra eskuinari eman diote beren botoa. Xenofobia eta matxismoa konplexurik gabe aldarrikatuz, beraz. Egia esan, Andaluziako hauteskundeen emaitzek harritu gaituzte: pentsatzen genuena baino jende gehiago dago eskuineko muturretik gertu.

Izan ere, azken egun hauetan, ultra eskuinari boza eman diotenak ultrak ez direla azaltzeari ekin diote zenbait analistek. Ez dira izango, nork daki. Baina gehienok badakigu totalitarismoak ez direla bat-batean azaltzen. Totalitarismoa ez da katastofre natural bat. Eta gehienok jakin beharko genuke beste gauza bat: demagogia eta populismoari ezin zaio aurre egin demagogia eta populismo gehiagorekin. Hortaz, zintzoak izan beharko ginateke denok, autokritika egin eta hamaika egunez, behintzat, politika lelokeriaz libre uzteko ariketa egin beharko lukete politikariek. Epea luzeegia irudituko zaielakoan nago.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos