Anariren 'Habiak' emanaldia, ostiral honetan, Bilboko Euskararen Etxearen aurreko plazatxoan
Ekitaldiak bilduko ditu 'Habiak' diskoan jasotako 11 kantuen artelanak biltzen dituen arte erakusketa kolektiboa, eta diskoaren inguruko Anariren elkarrizketa musikatua, hots, kontzertu berezia
Zurekin
Osteguna, 16 abendua 2021, 20:06
Anarik Hi(ZKI)bridoak 2021 egitarauaren baitan eskainiko duen 'Habiak' emanaldia aire librean egingo da, Bilboko Euskararen Etxearen aurrean dagoen plazatxoan, ostiralean, abenduaren 17an. Irailean hasitako zikloaren azken hitzordua izango da, eta kantari azkoitiarrak 2000. urtean argitaratutako izenburu bereko diskoan ardaztuko da.
Euskararen Etxetik jakinarazi dutenez, ekitaldia Booktegi plataformarekin lankidetzan ondu da eta bi jarduera bilduko ditu: 'Habiak' diskoan jasotako 11 kantuen artelanak biltzen dituen arte erakusketa kolektiboa eta diskoaren inguruko Anariren elkarrizketa musikatua.
Erakusketa 18.30ean inauguratuko da, eta ikusgai egongo da abenduaren 31ra arte. Bertan 11 artistaren lanak ikusi ahalko dira: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendi.
Bestalde, esan bezala, Anariren kontzertua 19.30ean hasiko da, Euskararen Etxearen aurrean dagoen plazatxoan, aire librean. Elkarrizketa musikatu formatuan egingo da: Anari bakarka ariko da eta saioa Amaia Arakistain Arrietak gidatuko du.
Hi(ZKI)bridoak 2021eko egitaraua
-
Irailean
'oMorruMU baMat'
Joxan Artzeri omenaldia egiteko asmoz, 2018ko udazkenean hasi ziren IbonRG eta Enrike Hurtado, ohiko dituzten lanabesekin lanean. Ibonek Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta sortutako kantuak Enrikek berak sortutako software esperimentalekin uztartu ziren. Txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programa horiek ahotsa, piano eta txalapartaren egurrak bat egiten dute lan honetan. IbonRG (ahotsa eta pianoa) eta Enrike Hurtado (txalaparta).
-
Urrian
'Dendaostekoak'
Uxue Alberdiren azken lan literarioan oinarritutako literatur bertso-saioa. Uxuek gaiak jarri zizkien Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova Saxofonistaren doinuekin lagunduta.
-
Urrian
'Mirande'
Jon Miranderen olerkietatik abiatutako musika-egitasmoa. Elena Setien (ahotsa eta teklatuak), Xabier Erkizia (elektronika) eta Grande Days taldea; hots, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslari bat, soinu artista eta ekoizle bat eta indie-rock talde bat. «Emaitza Frankenstein bat da», zioten antolatzaileek.
-
Azaroan
Zientzia Fikziozko Bertso Saioa
Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria (bertsolariak), eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo (gidoilariak)
-
Abenduaren 17an
Anariren 'Habiak' diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa. Aipatu bezala, Anarik disko horretako zenbait kantu joko ditu.