Borrar
Esku hutsik
Kareletik

Esku hutsik

Zelenskiri bi masailetan eman diote, legerik gabeko diplomazia negargarrienean

Ana Urkiza

Sábado, 8 de marzo 2025

Adrien Brodyk irabazi du aktore onenaren Oscar saria. Baina 'The Brutalist' filmak ez du filma onenaren saria irabazi. Bagenekien hala gertatuko zela. Estatu Batuak kakazko herria dela esaten baduzu, zeinetan kakazko pertsonak bizi diren eta kaka jaten duten, ez duzu filma onenaren estatuatxoa irabaziko. Eta arrazoi horregatik edo bestelakoak tarteko, ez du saria bereganatu.

Trump Estatu Batuetako presidentea Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egiten ikustean, bizitza barkatzen diola gogoraraziz, munduaren jabe dela konbentzituta, eta lur honetan bizitzeko eskubidea berea bakarrik dela sinistuta, esaldi batek harrapatu du nire gogoa. Egia esan, esaldi asko izan zituen Trump presidenteak azterketarako harribitxiak direnak baina, Zelenskik Ukrainako gerraren ondorioak estatubatuarrek ere nozituko dituztela aditzera eman zionean, ile horiak, behatz erakuslea aireratuz, «ez esan guri zer sentituko dugun» errepikatu zion, bizpahiru aldiz.

'The Brutalist' filmaren zuzendariak, Brady Corbet-ek, brutalismoa migrazio-esperientziaren isla dela aipatu du. Brutalismoa, nagusiki, etorkinek sortutako arkitektura-estiloa dela. Eta kostatu egiten dela barneratzea. Denbora behar dela ikusleek arte brutalistaren esentzia deszifratu dezaten. Eraikin brutalistek oihuka eskatzen dutela ikusiak izatea, eraiki zituzten pertsonek bezala. Nahiz eta azken hauek, existitzeko eskubidearen alde borrokatu zuten. Maitatuak zirenik ere sentitzera heldu gabe, filmean, László Toth judu hungariarraren pertsonaiak argikiro azaldu bezala.

Arestian aipatu elkarrizketan, Trump-ek Zelenskiri aurpegiratzen dio Putin gorrotatzen duela nabari zaiola eta jarreraz aldatu beharra daukala, ez dagoelako posizio onean. Esku hutsik eta kartarik gabe. László Toth-i ere, filmaren momentu batean, bi pertsonaren artean bizi daitekeen zapalkuntza ekimen bortitzenaren erdian, ez dela emagalduak baino gehiago aurpegiratzen dio proiektuaren finantzatzaileak. Ulertzen baitu, arkitektoa egiten ari den eraikina oihuka ari dela adierazten herrien arteko gatazkaren eta pertsonen artean mugak altxatzen dituzten hormak askatasun aldarri, eta identitatearen eta erresilientziaren balioa erakusteko mezu artistikoa dela. Indarrez agintzen dio, ez diola esango zer sentitu behar duen.

Zelenskiri bi masailetan eman diotela ikusi ahal izan du munduak. Zapaltzailea eta zapalduaren arteko eszenaratze estetiko ezin brutoagoan. Legerik gabeko diplomaziarik negargarrienean

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Esku hutsik